Jaitsieratik bi puntura hartu zuen Jose Luis Mendilibarrek Sevilla FC martxoaren amaieran, eta inork espero ez zenuena lortu berri du, Champions League jokatuko baitu hurrengo denboraldian, Europa League irabazi eta gero.
Arrakasta horren atzean izen bat dago, Jose Luis Mendilibar. Taldera heldu zenean, Jorge Sampaoliren tokia hartu zuen eta askorentzat entrenatzaile eredu ezin ezberdinagoak ziren, argentinarrak izugarri analitikoa izatearen ospea baitauka eta Mendik guztiz kontrakoa, oso inpultsiboa baita.
Baina egungo gizartean eta futbolean, norbaitek egin behar du horren alde. Badirudi entrenatzaile guztiek nahi dutela Guardiola izan eta joko perfektua garatu. Ez da hori Mendilibarren asmoa. Mendik dena modu errazean eta apalean egiten du, futbol herrikoiaren ikurra da eta erdiraketa erremate bat estimatzen du, taldearen grina erakusten duena.
Gainera, bere mezuak bidaltzeko, ez du behar ez Instagramik, ez giza bitarteko aditurik. Berak esaten die jokalariei zer nahi duen edota hamaikakoan egongo diren edo ez eta zergatik.
Mundu kapitalista, hotz eta aseptiko honetan, Mendik berotasunaren eta aurrez aurre komunikatzearen aldeko apustua egiten du eta jokalarietara heltzea lortzen du, hitz egin ez ezik, entzuten ere badakielako.
Horregatik guztiagatik, zorionak Mendi!