Azken asteetan birusa leku ugaritan ikusi edo imajinatu dugu gure inguruan: portaleko heldulekuan, igogailuaren sakagailuan, auzokidearen eztulean, kaleko barandan... eta honek orain arte inoiz hartu gabeko neurriak eta erabakiak hartzera eraman gaitu, gure, gure ingurukoen eta gizartearen osasunarentzat egokiagoak omen zirelako.
Errealitate hau jada gutxinaka ahazten goazela dirudi, kaleak hartzen hasi gara berriro ere eta birusa desagertzen doala dirudi, baina birusa oraindik hor dagoela argi izan behar dugu, eta ez naiz bakarrik koronabirusaz ari.
Koronabirusak sortutako osasun krisiak agerian utzi ditu sistema honen arrakala, bidegabekeria, miseria, gabezia... ugari, guztiok ikusi dugun moduan. Hainbat lekutatik honi buruz kontu anitz ere entzun egin ditugu, ez geundela nahiko prestatuta, inork ezin zuela hau iragarri, akats asko egin direla, planifikazio barik ibili dela... eta horietako batzuk, egia izan daitezke.
Baina honek, atzean daukana ez da akats hau edo beste hori egin dela, eta horrek eraman gaituela krisira edo krisia areagotuko duela, muinean honen atzean sistema bera krisian dagoela onartzea da. Herriko horma batek dioen moduan "Kapitalismoa da birusa".
"KapBirus" honen aurrean aritzeko koronabirusarekin egin antzera egiten hasi beharko ginateke, eta hau detektatzen dugun lekuak ekidinez eta neurriak hartuz: banku espekulatzaileak, oligopolio energetikoa, online bidezko erosketa enpresa multinazionalak, enpresa-buru langile esplotatzaileak, porlanezko megaproiektu zentzugabekoak...
Bestalde, koronabirus eta osasun krisi honi aurre egiteko, osasungintza sektoreaz gain, argi ikusi dugu zein funtsezkoak izan diren eta diren orain arte gutxietsiak izan diren hainbat eremu eta langile, horien adibide argia dira zaintza lanetan diharduten guztiak.
"KapBirus" honi aurre egiteko ere, gure inguruan beharrezkoak diren langile eta eremuak balioan jarri eta indartu beharko genituzke: erresidentziako langileak, herriko baserritarrak, auzoko dendak, energia kooperatibak, zaintza sareak, langile mugimendua...
Ea hemendik aurrera birusa hobeto identifikatzen asmatzen dugun eta beste sistema osasuntsuago bat eraikitzen hasten garen!