IRITZIA

Dantzatu ezin bada ez da gure iraultza

Udaleku feministak, 2018an Garaion Sorgingunean. / GARAION

Aurreko larunbatean, Bilgune Feministak “Azken uda dantza” deituriko ekimena antolatu zuen Ozaetan. Giro feministan, erakunderako dirua lortzeko ekimena izan zen hau. Jakin badakigu, bizitzen ari garen pandemia garaiak asko kaltetu duela militantzia, antolatzeko gaitasuna eta saretzea, eta guzti honek nabari eragin dio Bilguneari ere, ekonomiko zein emozionalki.

Horregatik, bi aspektu horiek hobetzea helburu, egitarau oparoa prestatu zuen antolakundeak, Euskal Herriko txoko ezberdinetako feministak leku paradisiako hartan batzea lortuz. Lekuaren aukeraketa ere oso estrategikoa izan daiteke, urtean zehar bertan dagoen proiektu autogestionatua feminista eta bolleren esku baitago. Kontzertuak, bertso-saioa, karaokea eta DJ-ak izan ziren egun eta gaueko protagonistak, euskara erdigunean jarriz, aspaldiko sareak berrartzeko eta berriak sortzeko bidea eraikiz.

Bertan egon ginen emakume eta identitate disidenteontzat kriston arnasgunea izan zen hau, energia txutea, etorkizuna ilusioz begiratzeko bulkada. Ohituta gauden mahai-inguru, tailer eta solasaldiez haratago, aisialdi eta jai giroan politika egiteko aukera paregabea izan zen hau. Autogestioaren bitartez eta komunitatean, gure gorputzez gozatzeko espazioa sortu zen, bollera subjektua nagusituz, momentu askotan dantzaren bitartez komunikatuz, sisteman zentralitatea duten gizon zisheterorik gabe.

Egia da, gonbidapena zabaldu zen arren, gure espazioetan oraindik desegin gabe dagoen korapiloa guztiz askatu gabe geratu zela Ozaetan ere; gorputz gehienak zuriak, argalak, aniztasun funtzionalik gabekoak eta kuerdoak izan baitziren. Sistemak ertzean uzten dituen bizitzekin batera borrokatzeko bidea jorratzen jarraitu beharko dugu, gure pribilegioak birpentsatu beharko ditugu, ahots eta errealitate ezberdinak entzun beharko ditugu.

Hala ere, gure minimunduak geroz eta disidenteagoak jorratzen goaz, eta larunbatean Arabako txoko sorgindu horretan gertatutakoak, eraiki nahi dugun utopia horri argia eta beroa ematen dio dudarik gabe. Bilgune Feministak lortu zuen gure gorputzak hunkitzea, astintzea, dardaran jartzea eta berotzea; indarrez kolpatzen digun egunerokotasun honetan argi izpi bat ikustaraztea. 

Benetan eskerrak errealitate hori egi bihurtzea ahalbidetu zenutenei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide