IRITZIA

Urte askotarako

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2021ko mai. 15a, 12:06

"Izan dadila faktoria ilusio eta bizipoz iturri, argitu gaitzala bide malkartsu honetan".

Saiatu al zarete inoiz "herrigintza" hitza gaztelaniara itzultzen? Zaila da gero! Boteprontoan "hacer país" ateratzen zait niri, baina uste dut zuzenagoa dela "hacer comunidad"-etik jotzea. Itzulpenen ñabardurak gorabehera, zalantzarik ez dago herrigile handi bat joan zitzaigula iragan ostiralean. Laborantza eta elikadura burujabetza, euskara, bakea (eta ez, hain zuzen, alde bakarrekoa eta inposatua)… hamaika arlotan egon da engaiatuta Mixel Berhokoirigoin, eta handia izan da hark egin dion ekarpena herri, komunitate, nazio, munduko txoko edo euskal herritarrok osatzen dugun dena delako honi.

Zorionez, herritik eta herriarentzat leloa oinarri, askotxo dira Mixelen ereduari jarraipena emango dioten proiektuak, eta horietako bat da, hain zuzen, larunbat honetan ateak irekitzekoa den Aiaraldea Ekintzen Faktoria. Industriagune bateko pabilioi gris eta ospela zena, ametsen aterpe koloretsu bilakatu da hamaika boluntarioren lanari esker, eta hantxe gorpuztuko dira izen bereko kooperatibaren zutabe diren eragin esparruetako proiektuak. Izan ere, komunikazioan, aisialdian, kulturan, elikadura burujabetzan, hezkuntzan eta ekonomian eragin nahi du, euskaraz, eta tokiko errealitatea eraldatu balio komunitarioak, libreak eta feministak lagun. Eta horretarako, sinetsita dago ezinbestekoa dela komunitate indartsu bat eraikitzea. Urte askoan egindako lanaren emaitza izango da Faktoria, baina ez da inolaz ere bidearen amaiera. Aitzitik, beste mugarri bat da, proiektuari ezinbesteko bultzada emango dion fase baten hasiera.

Gure eskualdearentzat ilun samarra den garai honetan (ez ahaztu Tubacex-eko langileek kasik 100 egun daramatzatela greban), izan dadila Faktoria ilusio eta bizipoz iturri, eta argitu gaitzala bide malkartsu honetan. Inoiz baino beharrezkoagoa da gauzak egiteko beste modu bat –alternatiba bat, alegia– egon badagoela sinestea, eta Aiaraldearen proiektua horretan sinisteko helduleku bat da. Nerbioi ibaiak eta Gorobel mendilerroak mugatzen duten txoko honetatik, txikitik eragin nahi da, bai, baina ikuspegi zabalarekin. Animatu, beraz, proiektua ezagutzera. Harro nago haren parte izateaz, bai horixe. Bejondeizuela; bejondeigula.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide