AEKk, Udal Euskara zerbitzuekin batera, Berbalagun programetarako kanpaina berria jarri du abian Atsegin dut! lemapean. Horrenbestez, 11-12 ikasturtean Berbalagun programa batean parte hartu nahi duten guztiek eman dezakete izena jada Aiaran, Amurrion, Artziniegan, Laudion eta Urduñan martxan dauden egitasmoetan. Berbalagun programetan edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan. Kanpaina honetan azpimarratu nahi dena zera da: euskara harreman sareak sortzeko tresna ere badela. "Atsegin dut!" esamoldea interneteko sare sozialekin lotzen dugu nahitaez. Baina sare sozial birtual hauetaz gain, euskara praktikatzea aurrez aurreko harreman sareak sortzeko era egoki bat izan daiteke. Benetako sare sozialak, alegia. Atsegin duzu?
Berbalagun programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Hori dela eta, Aiaraldean, hainbat dira martxan dauden Berbalagun programak. Egitasmoetako partaideek EHUko kredituak eskuratu ahal dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta berria merkeago, eta beste hainbat abantaila.
Informazio gehiago www.aiaraldea.blogspot.com webgunean.