Ez da amaitu azterketa arrotzen lasterketa, oraindik beste hesi inposatu bat gainditzera behartu nahi gaituzte. Horregatik, ikasleok selektibitateari ezezko borobilena adierazi nahi diogu. Hiru egunetan zehar ikasturte oso batean “ikasitakoa” paper zuri batean bota, nota jakin bat lortzeko presio itogarria, eduki arrotzak… Asko dira selektibitateari ezetza emateko arrazoiak. Ipar Euskal Herrian gainera, baxoa frantsez hutsean egitera behartzen gaituzte, ikasle euskaldunon eskubideak albo batean utziz.
Selektibitateak ikasleak ‘selekzionatu’ egiten ditu, balio dugunon eta ez dugunon artean. Gainera, LOMCE erreformaren aplikazioak batxilergoko eduki zein ikasgaiak inposatu ditu eta, ondorioz, baita selektibitatea bera ere. Beraz, LOMCEren selektibitatea da egun indarrean dagoena. Ikasleak sailkatzeko hainbat mekanismo jarri izan ditu martxan LOMCEk. DBHko 3. mailan baldintzatuko gaituen matematika mota bat aukeratzetik, nota txarrak ateratzen dugunok berehala ohiko ibilbide akademikotik ateratzen gaituen Oinarrizko Lanbide Heziketaraino.
Euskal Herriak bestelako ebaluazio sistema bat behar du, hezitzailea eta ikasleon beharretan arreta jarriko duena. Hezkuntza Komunitateko kideok ez dugu kanpo ebaluzio zein azterketa arrotzik onartuko, inposaketei PLANTO egingo diegu! Begiradak zorrotz ditugu hezkuntzan ematen ari diren eraso guzti hauen aurrean.