IRITZIA

Konplize ditut eta maite ditut denak!

Erabiltzailearen aurpegia Irune Lumbreras Etxebarria 2026ko martxoaren 7a

Etxera ailegatu, afari goxo-goxoaren usaina sumatu eta lerdea dariola nagoelarik sukaldera abiatzen naiz janaria dastatzeko irrikaz. Mahaian eseri bezain laster, telebista piztu eta azken orduko albisteei erreparatzen diet. Bat-batean gustuko ez ditudan berrien bonbardaketa jasotzen dute nire belarriek: gizon bat atxilotu dute Lleidan emakume baten hilketa bortitzagatik; gizon bat atxilotu dute Kordoban alaba nagusia hil eta bere buruaz beste egiten saiatu ostean; polizia nazional bat atxilotu dute Valentzian praktiketako agente bati sexu-erasoa egiteagatik… Hori entzun ostean, sabela ixten zait eta une batetik bestera goseak alde egiten du. Bitxiena da egoera hori errepikatu egiten dela telebista pizten dudan aldiro, kasu berri bakoitza beti delako zein baino zein okerragoa.

1.300 emakume baino gehiago hil ziren indarkeria matxistaren erruz 2025ean. Datu horiek beste arazo baten ondorio balira, kezka bera izango al genuke? Demagun 1.300 pertsona hil direla eltxo baten ziztadagatik. Jendea larrituta egongo litzateke eta zoro moduan eltxoen kontrako neurriak, babesa… bilatuko genituzke. Eltxo hori indarkeria matxista da, eta horren aurka ezer gutxi egiten da. Pandemian adibidez, oso denbora gutxian covid-aren aurkako txertoa sortu zuten. Gizarteak daukan gaixotasun honi ez zaio sendagarririk aurkitzen, ezta bilatu ere.

Egungo gizarte ereduan bereizketa da nagusi. Ikusi besterik ez dugu oraindik komunen ateetan dauden ikurrak. Emakumea soineko edo gona batekin eta gizonezkoa, aldiz, prakekin. Edo haurren sexua iragartzeko ospatzen diren jai horiek, zeinetan arrosa kolorea neskatoari atxikitzen zaion eta urdina mutilari; umeentzako ipuin horiek non printzesa ergeltzat jotzen den eta printzearen beharra duen bizitzeko. Zer esanik ez sorginak irudikatzeko moduaz, garatxoa eta sudur handia, kasu. Emakumeok ezaugarri zehatz batzuk behar ditugula arrakasta izateko sustatzen du horrek guztiak.

Bestalde, gizon guztiak ez direla erasotzaileak, baina erasotzaile guztiak gizonak direla da denok ulertu behar genukeena. Hau ukatzen jarraituz gero, ezingo dugu aurrerapausorik eman. Gainera, zoria besterik ez da salbuesten gaituena biktima izatetik. Gehienetan gure inguru hurbileko pertsonak izaten baitira erasotzaileak.

Ez dezagun ahantzi politikoki ez dela matxismoa errotik mozteko asmorik ikusten. Hauteskunde garaian politikariek diote hau eta bestea egingo dutela, baina egunerokoan inork ez du neurririk hartzen. Indarkeria matxistaren kudeaketara murriztu da haien borroka. Agerian utziz beste interes batzuk lehenesten dituztela sistema patriarkalaren apurketaren gainetik.

Hilketa matxista bakoitzak herrialdea astindu beharko luke. Bizitzak beharrean, zifrak bakarrik kontatzen ikasi dugu, eta hori ere indarkeria da.

Telebista itzali dut, biharko albistegia nolakoa izango ote?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide