Uztailaren 7az geroztik, ehunka enpresek (patronaletako agintarien aholkuei jarraiki) aurrerantzean lan baldintzen inguruko erabaki guztiak enpresaburuen esku gelditzen direla komunikatu diete idatziz beraien langileei. Hau da, aurrerantzean Estatuko lan-hitzarmenetan jasotako miseriazko lan-baldintzak inposatzeko aukera dagoela jakinarazi diete. Eta are gehiago, Langileen Estatutuaren Legeak jasotzen dituen lan baldintza minimoak inposatzeko aukera ere nabarmendu dute hainbat enpresek, betiere beharginei zuzendutako eskutitz “informatiboetan”. Egoera gogorra da. Eta ez du hobera egingo. Ez behintzat langileok gauzak aldatzeko borrokan murgildu artean. Beraz, egoerari buelta emate aldera, behar-beharrezkoa dugu enpresetan ondo antolatzea eta eduki duinak bermatuko dituzten enpresa-hitzarmenen alde borrokatzea (Lan Erreformaren aurkako klausulak barne: ultra-aktibitate mugagabea jaso, lanaldi erregularra bermatu, inposatutako arbitrajea baztertu...). Derrigorrezko ezarpena izango duten enpresako hitzarmenen alde borrokatu behar dugu. Ez dugu gomendio hutsa den lan-hitzarmenik nahi.
Urriak 21-25eko mobilizazio, kontzientziazio eta greba asteak bide horretan sakontzeko balio behar du. Espainiar zein euskal patronaletako goi-kargu zikoitzen estrategia zapuztu beharra baitago.