Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuek agerian jarri dute 18.400 enplegu suntsitu direla 2013an, horietatik 11.600 gizonezkoenak izan dira, eta 6.800 berriz, emakumezkoenak.
Hego Euskal Herriko langabezia-tasa (SEPEk eta EPAk emandako datuetan oinarriturik kalkulatua) % 17,6 izan da. Horrela, langabezia mailak Europan dagoenaren oso gainetik segitzen du. Izan ere, 28- EBko langabezia-tasa % 10,7 izan da aurtengo urtarrilean. Izan ere, Greziak (% 27,8), Espainiar Estatuak (% 25,6) eta Kroaziak (% 18,6) dute HEHkoa baino langabezia-tasa handiagoa.Gazteen langabezia-tasa, bestalde, % 46,6 izan da,eta 25etik 36ra bitarteko adin taldearena, berriz, % 20,3.
Langabeen % 48k ez du inolako prestaziorik jasotzen, langabeen % 20,8k sorospenak edo gizarteratzeko errenta aktiboa kobratzen du eta % 31,2k bakarrik kobratzen du kotizaziopeko prestazioa (hau da, egindako kotizazioen araberakoa).
Behin-behinekotasuna gora doa lan-erreformen eta enplegu-politikaren ondorioz, eta lan baldintzak gero eta kaskarragoak dira. Horrela, 2013ko datuek erakusten dute 2013an sinatutako 934.890 kontratuetatik 877.840 aldi baterakoak izan direla; hau da, % 93,8.
Pasa den urtarrilean Eusko Jaurlaritzak 2014-2016 Enplegu Plana onartu zuen, gauza berria balitz bezala, hiru urtetarako plan bat aurkezten da aurrekoa ordezkatu baino, bere itzala dena, edukia osotasunean barneratzen duena eta neurri zehatzetan ezer berri suposatuz.