2013an jarri zuten mugarria Bizi!-ko lagunek. Egun batez Baiona alternatiben herrixka bat bihurtu zuten.
Natura eta gehienon bizitza hondamendira daraman kapitalismoari eguneroko erabakien bidez aurre egiteko moduak erakutsi zizkiguten Baionan. Zer jan, nola ekoitzi, dirua nola erabili, non gorde, nola sortu txanpon soziala, nola mugitu, nola sortu eta eskuratu energia garbia, aberastasunaren eta lanaren banaketa bidezkoa nola egin, kontsumo arduratsua praktikan jartzeko aukerak, bertako ekonomiak dituen aukerak, pertsonen arteko harreman eta zaintzaren garrantzia…
“Ez zaigu gustatzen dagoena”, esaten du jendeak, “baina ez dago alternatibarik”. Baina, alternatibak sortzen ari dira han eta hemen.
Zeri deitzen diogu alternatiba? Helburua bizitza jasangarrian, bizitza bizigarrian, bizitza burujabean duten proiektuak dira alternatiba. Mozkina eta kapitala helburu izan ordez bizitza duina eta iraunkorra helburu dutenak.
Alternatiben Egunaren helburua litzateke alternatiba horien saretzea, eta erakustea, benetan gure esku, eguneroko erabakietan baditugula beste modu batera kontsumitzeko moduak, baditugula beste banku eredu batzuk, energia berriztagarrien kooperatibak, bertako produktuak eta garaikoak, ekologikoak kontsumitzeko sareak…