IRITZIA

Urte ahaztezinetik, etorkizuneko erronketarako prest

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Larrazabal 2022ko urt. 14a, 06:00

Tubacexeko langileek eginiko mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

2021. urtearen balorazioa egiteko unean ezin dezaket ahaztu pandemiak utzi dituen egoera oso gogorrak; eta, noski, ozen goraipatu osasungintzan eta zaintza lanetan aritu diren langileak. Emakumeak gehienak, eta horietako asko lan baldintza prekarioekin.

Hortik aurrera, gure eskualdean, Tubacexeko zuzendaritzaren aurrean langileek emandako erantzun bikainak urtea markatu du. Zuzendaritzak kaleratzeak eta lan baldintzak betirako kaskartu nahi izan zituen. 236 greba egun izan dira erantzun paregabea. 236 egun piketean lan zentroen aurrean. 236 eguneko kemena.

Tubacexeko zuzendaritzak dena zuen alde. Lan erreforma bere alde. Babes politiko eta mediatikoa ere. Eusko Jaurlaritzaren jokaera benetan penagarria izan da. Polizia automonomikoarena, zer esanik ez. Eta hala ere, 8 hilabetetako elkartasun eta indarrari esker, kaleratu guztiak enpresara itzuli ahal izan dira.

Eta zer esan Aiaraldean sortu denari buruz. Gure eskualdea erabakigarria izan da Tubacexeko garaipenean. Aiaraldeko enpresako batzordeak, elkarteak, dendariak, norbanakoak... denak izan dira protagonistak. Gogoratu eta goraipatu behar udaberrian eginiko bi lanuzteak. Eskualde osoa gelditu zen, eta ez soilik Tubacexeko langileen alde, baizik eta eskualde osoaren etorkizunaren alde ere. Komunitate sentimendu paregabea sortu da. Aipamen berezia Aiaraldeko Greba Batzordeak eginiko eta egiten ari den lan bikainari. Urte konplikatu eta paregabe honek agerian utzi du eskualdean badagoela muskulua. Prest gaudela etorriko diren erronkei aurre egiteko, ez direlako izango makalak. Ikusten ari gara sistema global, espekulatzaile eta kapitalistaren aurpegia: elektrizitatearen prezioa, lehengaien eskasia, iraganeko deslokalizazioen ondorioak... eta bitartean, Arantza Tapiak zuzentzen duen Jaurlaritzako saila bere lagunak defendatzen, berriro. Benetan tamalgarria da gure herrian ez egotea inongo politika industrialik. Tapia eta bere taldea propaganda egitera eta enpresa handien mesedetako politiketara dedikatzen dira bakarrik. Industria sailak etorkizuneko erronkak (trantsizio ekolojikoa eta justua, genero diskriminazioa industrian, prekarietatea...) alde batera uzten dituzte,  enpresa handien jabeen errezeten defendatzaile bihurtuta. Beti zama langile eta jende soilaren bizkarrean. Argi dut erasoak etorriko direla.

Bestalde, europar fondoetako milioien iruzurra daukagu. Izugarrizko kantitateak betikoentzat, eta horren truke pentsio eta lan erreforma. ELAtik argi daukagu murrizketak datozela eta prest egon behar garela horiek ekiditeko. Diru publiko ikaragarria enpresa handientzat eta prekarietatea langile klasearentzat, gazteentzat eta gizartearen zati handienarentzat. Gizarte eredu kapitalista honi aurre egin behar diogula uste dugu, eta benetan gurea dena defendatu: gure lanpostuak, lan baldintzak, eta aldaketa soziala. Eta uste dut Aiaraldean bagaudela bidea egiten, eta prest borrokarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide