Goizero lez etxetik atera eta lanera nindoala Maiterekin egin dut topo. A ze asteburua! Indarkeria matxistak 5 emakume erail ditu asteburu bakar batean! Zer gertatzen da jendarte honekin? Erantzuteko aukerarik ere ez dit eman, beti bezala presaka dabil, lanera sartu aurretik gurasoen etxetik pasa behar da, adinean aurrera doaz eta baten batek eskaini beharko die arreta.
Kalean behera Mila ikusi dut egunero garbitzen duen portalean erratza astintzen jo ta fuego. Zelan Mila? Nekatuta, jubilatzeko gogoekin, baina bizitza osoan lanaldi partzialean aritu naizenez, adina bai baina prestazioa jasotzeko baldintza minimoak ez ditudala betetzen esaten didate, hau marka gero! Eiderri mezua bidali diot asteburuan plana egiteko, baina lan egin behar duela erantzun dit. Kontratua lau ordukoa eta lanaldia astean zehar egiteko bada ere, tabernetan badakizu azkenean 8-9 ordu sartu behar, asteburuak barne. Lanera helduta, ezin ditut Maite, Mila, Eider eta beraiek bezalako milaka emakume burutik kendu. Egunero zaintza lanez arduratu behar diren emakumeak, inolako babesik gabe lan merkatu arautik kanpo lanean dihardutenak, lan merkatu arautuan diskriminazioa eta prekarietatea pairatzera kondenatuak daudenak... Emakumeok pairatzen dugun egoera ez da normala, ez da kasualitatea. Sistema patriarkalak ondo diseinatutako estrategiaren ondorio zuzena da. Sistemak prekarietatera kondenatu gaitu, burujabetza ekonomikorako eskubidea lapurtu, menpeko izaki nahi gaituelako. Emakumeok pairatzen dugun prekarietatea indarkeria da!