2021a ez da urte xamurra izan ikuspegi sozioekonomikotik. Urte hasiera iluna izan zen zalantzarik gabe. Tubacex enpresak 129 langile kaleratzeko asmoa plazaratu zuen, Valvospain enpresak, bere jarduerarekin amaitu eta langile guztiontzako EEEa aurkeztu zuenean. Enplegu galeraren arriskua mahai gainean zegoen Tubos Reunidoseko langileen artean ere.
Eskualdearentzat traktoreak diren enpresek agerian utzi zuten argazkiari, gainera, pandemiak are gehiago zaildu duen merkataritza zein ostalaritza txikiaren egoera gehitu behar zitzaion. Pandemiak oinarrizkotzat azalarazitako sektoreetan ere, prekarietatea nagusi izan da eta lan baldintza duinak eskuratzea etengabeko borroka bihurtu da. Horren adibide garbia izan dira Berriak supermerkatuetako emakume langileak. Zerbitzu publikoetan ere murrizketa berriak ortzimugan. Kezka berezia sortarazi du Zabaleko Eskola publikoa ixteko egon daitekeen nahia.
Hainbeste laino ilunen artean, ordea, argi izpiak ere, argi izpi gorriak: Aiaraldeko langileriaren esnatze kolektiboa. Eskualde honetako langileriak memoria historikoa duelako, ezagutzen duelako aurreko desindustrializazio prozesuek eskualdean utzitako argazkia, mila borroketan ikasia eta hasia delako. Aspaldi ikusi gabeko mobilizazio jendetsuek zeharkatu dituzte eskualdeko kaleak; hainbat sektoreetako langileen artean bizi dugun elkartasunak, elkartasuna hizki larriz; borroka ezberdinen arteko sinergiak; langile klasearen ahalduntzeak; harrotasunak eta borrokaren emaitzak. Hori eta gehiago bizitzeko aukera izan dugu Aiaraldean; ez da gutxi, asko dela ere esango nuke. Guzti honen katalizadore izan den Aiaraldeko Greba Batzordearen lana txalotu gabe ezin geratu. Aiaraldeko eragile sozialek, sindikalek, autonomo txikiek nahiz norbanakoek elkarrekin eskualdearentzat etorkizun duin baten alde borrokan. Soilik konfluentziek eta elkarrekin egiten ditugun borrokek lortuko dutelako langileriaren indar eta potentzialitate guztia askatzea.
Badakigu urte berri honetan kapitalak, enpresa buru handiek eta haien zerbitzura dauden instituzioek pandemia, materialen horniketetako gabeziak zein bestelako aitzakiak baliatzen jarraituko dutela enplegua suntsitu eta langileen lan baldintzak kaskartzen jarraitzeko. Hasiak dira zenbait enpresetan ABEE berriak horretarako baliatzen (Tubacex, Megatech, Inauxa...). Baina, langileok ez gaude prest dena gure kontura izateko, erronda hau beraiei ordaintzea dagokie!
Aiaraldeak argi adierazi du ez dela makurtuko! Lan, bizi eta pentsio duinen alde lanean jarraituko du. Eskualdean datozen hilabeteetan borrokatu beharreko lehentasunezko larrialdi puntuak edo aldarrikapenak ere adostu ditugu prozesu kolektiboan. Langile klasea osatzen dugun kolektibo, sektore eta gorputz ezberdinok bat eginda borrokarako gaitasuna badugula ikusi dugulako, borrokak merezi duela ikasi dugulako, jarrai dezagun bidea elkarrekin egiten!