IRITZIA

Lantokiak hustu kaleak hartzeko!

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Garcia Bordagarai 2026ko martxoaren 16a

Patronala ofentsiba betean da. Eurek erabakitzen dute enplegua mantentzea noiz zaien errentagarria eta noiz ez, albo kalteei begiratu gabe. Eurentzat lan denek ez dute balio berdina eta, ondorioz, nagusiki feminizatuak diren sektoreen negoziaketa kolektiboa blokeatua dute. Eurek bizkar eman diote etxeko langileentzako hitzarmen propio bat adosteari. Eta eurek izan dira hemen gutxieneko soldata bat adosteko mahai negoziatzailea zabaltzeko aukera zapuztu dutenak, sindikatu guztion eskaerari muzin eginez.

Bitartean, absentismo laboralaren eztabaida maltzurrean katramilatu nahi gaituzte. Harrotuta dagoen eta negoziatzeko bere betekizunari heltzen ez dion patronal baten aurrean gaude. Ofentsiba horren ondoan, beraiek duten erantzunkizunari muzin egin edota beste alde batera begiratzea erabaki duten instituzioak ditugu. Are gehiago, beraiek enplegatzaile direnean, patronalaren jarrera inposatzaileak erreproduzitzen dituzte. Eta zuzenean interpelatuak direnean, pentsiodunen mugimenduak nahiz euskal gehiengo sindikalak aurkeztutako herri ekimen legegileekin kasu, jarrera erabat antidemokratikoen bidez eztabaidarako aukera bera ukatzen dute.

Baina langileok ez gara eskuak gurutzatuak geratuko, guk ere ofentsibara pasa, lantokiak hustu eta kaleak hartuko ditugu! Euskal gehiengo sindikalak, hainbat eragile sozialen babesarekin eta ehunka enpresa komiteen atxikimenduarekin, gutxieneko soldata propio bat aldarrikatuz,

Martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorrak horretarako aukera emango digu. Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propio bat aldarrikatuz, langile pobrerik gabeko Euskal Herri bat nahi
dugula ozen esango dugu! Soldatetan ematen diren sexu-genero, arraza nahiz adin arrakalei aurre egiteko, gutxieneko soldata duin bat ezarri dadin borrokatuko dugu.

Ezin dugu ahaztu egun 307.100 langilek 1.500 eurotik beheragoko soldatak dituztela. Gainera, onuradun zuzena izan edo ez, gutxieneko soldata propio bat lortzea langile klase osoarentzako borroka estrategikoa da, klase zein herri ikuspegitik.

Greba hau, era berean, Aiaraldean ematen den enplegu galera salatzeko, Maderas de Llodio nahiz Tubos Reunidoseko langileen borrokari hauspoa emateko eta eskualde honek duen haserrea patronal nahiz instituzioekiko interpelazio ozen eta indartsuan bilakatzeko erabiliko dugu.

M17an patronalari min egingo dion greba gauzatuko dugu lan zentroetan, eta Aiaraldeko kaleak hartuko ditugu eskualde oso baten duintasuna eta elkartasuna beste behin ere erakusteko!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide