Zigarretari zupaka nabil egongelako leiho
parean jesarririk. Etxe azpiko hirian dena da iluna,
poztasun oro estaltzen duen iluna, eta euriak blaitzen ditu
joan-etorrian dabiltzan arima gaixoak.
Isilik eta presaka doaz,
zakur amorratu bat jarraika balute bezala.
Bat-batean, isiltasun oro apurtuz,
aske izan nahi duela erregutu dio andre eskaleak
ibai alboan pasieran dabilen gizon urdinari.
“Hik nahi izan dun, maitea” erantzun dio gizonak,
korbata estutuz, zilar halako malkoak masailetan behera.
Ezin izan dut asmatu nondik atera duen pistola;
amerikanaren barneko poltsikotik ala maleta txikiko
zirrikitu ezkuturen batetik.
Berandu dena den, ekidin ezina ekiditeko.
Lipar batez, langilez eta ikasle gazteez betetako
kale jendetsua izoztuta geratu da, eta danbatekoa entzun duten apurrek
zin dagite ez dela odol tanta bat bera ere isuri eskalearen kopetan
agertu den bederatzi milimetroko zulo sakonetik.
Malkoek ilundu dituzte musukoen kolore urdin argiak,
apaldu dira hotzak izoztutako arnas zurbilak.
Nik begiak itxi ditut eta erreflexuz joan zaizkit eskuak belarriak estaltzera:
Samina uluka joan dadin espaloiko euri putzuetan itotzera.