Urduñako Harresia bisitatu dute LH 5. mailako ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2017ko eka. 9a, 07:01

Ikasleen argazkia. / Jose Mari Gutierrez

Urduñako Antziñako Andra Maria ikastetxeko LH 5. mailako BERRIKARIEK Urduñako harresietan jarri dute arreta. Urduñako historia ondo ezagutzen duen batekin harremanetan jarri dira: Jose Ignacio Salazar Arechalde. Elkarrizketa bat egin diote.

Hemen entzun daiteke elkarrizketa.

URDUÑAKO HARRESIAK

Urduñako Aintziñako Andra Maria ikastetxeko BERRIKARI talde bat gara, LHko 5. mailakoa. 2016ko urrian testu bat plazaratu genuen ZIKOINA aldizkarian.

Behar genuen informazioa J. I. Salazar Arechalde historialariak argitaratu dituen hainbat lanetan bilatu genuen, eta laburpen txiki bat argitaratu genuen.

Baina gero, lehen eskuko informazioa izateko, Jose Ignaciori elkarrizketa bat egin diogu.

Hau da esan diguna.

Berrikariak (Bk). Kaixo, Jose Ignacio. Urduñari buruz lan asko argitaratu dituzu. Zergatik? Zein da Urduñarekin duzun lotura?

Jose Ignacio Salazar Arechalde (J.I.S.A). Nire aita Urduñan jaio zen, eta nire ama hainbat urte bizi zen hemen, baina familia Mexikora joan behar izan zuen; ni han jaio nintzen. Gero Urduñan izan nuen nire lehenengo lana, udal-idazkari bezala. Nire arbasoen herria izan da hau, hemen izan nuen nire lehenengo lana, eta historia eta antzinako agiriak ikertzea oso gustukoa dut, … beraz arrazoi batzuk ditut Urduñarekiko lotura izateko.

HASIERAKO HARRESIA

Bk. Lope Diaz de Harok 1229an fundatu zuen Urduñako hiribildua; hori baino lehen, zer zegoen?

(J.I.S.A). Horri buruz ez dugu aurkitu agiririk edo idatzizko dokumenturik, baina ziur aski nekazariak eta abeltzainak bizi ziren gaur egun Urduña dagoen lekuan eta inguruetan. Hiribildu bezala 1229an fundatu zen, baina badaude zaharragoak diren Urduñari buruzko aipamen idatziak; Alfonso III. kronika hain zuzen, IX. mendekoa.

Bk. Lehenengo fundazio hartan hiru kale besterik ez zeuden. Hasieratik inguratu zituzten harresi batekin?

(J.I.S.A). Ziur aski hasieratik babestu zituzten lehenengo hiribildua osatzen zuten hiru kale, Harategi, Artekale eta Burdin hain zuzen. Udaletxea eta Udaletxearen inguruan ikus ditzakegun aztarnak froga bat dira.

Bk. Harresietatik kanpo zegoena, ez zen Urduña?

(J.I.S.A). Harresiek bi espazio banatzen dituzte argi eta garbi: hiribildua eta landa. Baina harresietatik kanpo zegoena Urduñako jurisdikzioaren pean zegoen. Ematen du fundazioaren mendean Urduñaren  jurisdikzioa gaurko udalerriaren azalera baino urrunago ez zela heltzen; hau da: Urduña bera eta Larruazabal Batza.

Bk. Eta, Arrastaria?

(J.I.S.A).Arrastaria ere barruan zegoen? Zalantzazkoa da hori.

Bk. Orduan harresiak herria babesteaz gain, hiribildua nekazaritza lurretatik eta herrixketatik banatzeko zen. Harresietatik kanpo bizi zirenak, barrukoen eskubide berberak zituzten?

(J.I.S.A). Ez dut dokumenturik aurkitu eskubide desberdinak zituztela pentsatzeko. Dena dela denborarekin beste erakundeak sortu ziren hiribildutik edo hiritik kanpo: Larruazabal, Arrastaria, … Erakunde bakoitzak beren eskubide esklusiboaz jabetzen zituzten, eta hainbat gauzetan ez ziren berberak, baina hiribildutik kanpoko biztanleak ez ziren menpekoak.

Bk. Azaldu zeniguke nolakoa zen harresia? 

(J.I.S.A). Altuera zortzi bat metrokoa izan zitekeen, eta orokorrean landu gabeko edo gutxi landutako harriak erabili zituzten eraikitzeko; hau da: ez zituzten erabili harlanduak (gazteleraz sillar), baizik eta harlanduxkoak (gazteleraz sillarejo). Zati batzuetan harresia bakartua zegoen, beste zatitan, aldiz, harresia eta etxeen edo eraikinen hormak gauza bera ziren.

Bk. Lehengo harresi hark, inoiz balio al zuen kanpoko erasoetatik herria babesteko? 

(J.I.S.A). Hiribildua babesteko  eraiki zuten. Urduña hiriak aurre egin behar zion Aiarako Jaunari, adibidez; eta harresiak babesa eman zien urduñarrei.

URDUÑAKO ZABALKUNTZA

Bk. 1256an  Alfonso X.ak Urduñako hiribildua birfundatu zuen. Momentu hartan handitu zen hiribildua, edo beranduago?

(J.I.S.A). Egia esan zaila da jakitea, baina hamalaugarren mendean bazegoen egituratuta hiribilduko alde zahar osoa.

Bk. Urduñako alde zaharra lehenengo hiribildua baino guztiz handiagoa da. Urduña handitu zutenean, hiri osoa inguratu zuten harresiz?

(J.I.S.A). Gaurko alde zaharrean argi ikusten da hiru gune desberdinak daudela. Gune bakoitzak bere harresia zeukan. Erdian plaza handi bat eratu zen, gaurko Foru plaza. Plaza gaur baino handiagoa zen; Aduanak hartzen duen lekua plazakoa zen.

Bk. Zenbat ate zituen harresiak?

 (J.I.S.A). Naiz eta ziurtasun osoa ez izan, esan dezakegu bost atekoa izan zela gutxieneko kopurua: Zaharra, Burgos, Kantarranas, Urruño eta Portal de San Francisco. Bazeuden barruko ateak ere, hasierako gunea plazarekin komunikatzeko; horietako bat gaur egun geratzen den ate bakarra: Ate Iluna edo Portal Oscuro.

Bk. Zuen lanetan esaten duzu harresiak babes-funtzioak galdu zituenean merkantzien eta pertsonen kontrol-funtzioa izan zuela. Azaldu al diguzu hau?

 (J.I.S.A). Gatazka bortitzak gutxitzen ziren neurrian, harresia helburu berrietara moldatu zuten. Harresiak hiria babesteko funtzioa galdu zuenean merkantzien eta pertsonen kontrol-funtzioa hartu zuen. XVII. mendean hainbat izurrite hedatu ziren, eta harresiak gizaki gaixoen sarrera ekiditeko erabili ziren, bai eta txiroen sarrera ekiditeko ere. 

ZAINTZE LANAK

Bk. Hiritarrek ateak zaindu behar zituzten txandaka; bitxia iruditu zaigu. Azaltzen diguzu nola egiten zuten, eta zertarako?

(J.I.S.A). Erregimentu edo udalaren kontrolpean zeuden koadrila batzuk ateak zaintzeko. Koadrila bakoitzean kale batzuk sartzen ziren, eta zegokien atea begiratzeko zaintzaileak aukeratzen ziren. Zaintzaileek sarrerak kontrolatu behar zituzten, eta kanpoko txiroei ez zieten sartzen uzten. Ateak ixten ziren gauean, baina zaintzaileek hainbat erronda egin behar zituzten gauean, suteak saihesteko ere.

GERATZEN DIREN AZTARNAK

Bk. Antzinako argazkietan ikusi ditugu gaur egun existitzen ez diren harresiko ate batzuk. Honi buruz bi galdera egin nahi dizkizugu: Uduñak izan zuen harresiaz, zer geratzen zaigu? Esan al dizkiguzu bizpahiru desagerpenaren arrazoi?

 (J.I.S.A). Andra Maria parrokiaren atzealdean eta udaletxearen inguruan harresia edo harresiaren aztarnak ikus ditzakegu. Eta ate bat geratzen zaigu ere: Ate Iluna edo Portal Oscuro.

Desagerpenaren arrazoien artean hainbat aipatu ditzakegu: harresiak babes funtzioa galdu zuen  lehenago, eta biztanleria kontrolatzeko funtzioa beranduago; gero trafikoa eta kaleetako irteerak handitzeko beharrak nabarmendu daitezke.

Bk. Hiriak erabili ditu noizbait ateak biztanleria kontrolatzeko?

(J.I.S.A). Esan dudan bezala hori gertatu zen harresiak hiria babesteko funtzioa galdu zuenean. XVI. mendean harresiek defentsa-funtzioa galdu zuten, eta kontrol-funtzioa nagusitu zen. Kanpoko txiroei, adibidez, hirian sartzea eragozten zieten; edo izurriteak saihesteko gaixoei ere.

AGURRA

Bk. Asko ikasi dugu zurekin, Jose Ignacio. Eskerrik asko eman dizkiguzun azalpenengatik, eta Urduñari buruzko egin dituzuen lan guztiengatik.

Urduñako harresiari buruz gehiago jakiteko J. I. Salazar Arechalderen publikazio hauek irakur ditzakete:

  • Urbanismo e historia. La ciudad de Orduña, y
  • Transformaciones y permanencias en la muralla de la ciudad de Orduña (Siglos XVI-XX)

 Entzuleak, badakizue: herriko ondasunen babesik onena: ezagutza eta estimua.

Gora Urduña, eta hurrengo arte!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide