Denbora aurrera joan ahala laino gris-ilunak argitzen joan ziren; hala ere, zorrozki gordetzen zuten lekuaren edertasuna. Gora begira, doi-doi antzematen nuen ertzik gabeko piramide formako ubeldura ilun bat, iluntasun argiago batean marraztuta. Goian, orratz luze eta estu baten puntan, ez zuen distiratzen Done Mikelen urrezko estatuak.
Kalea utzik zegoen. Mendiaren behealdean suhiltzaile bikote bat udal arduradun batekin ikuskapen lanetan zebiltzan. Historian zehar sute ugari jasan ditu Mont Sain Michelek, baina lainoen tanta ikusezinetan murgilduta, hirukote haren lanak antzua ematen zuen. Gorago langile bakan batzuk ikusi nituen saltokiak eta ostalaritzako negozioak garbitzen eta prestatzen.
Herriko parrokia (Kepa Deunaren eliza) utzik, baina irekita zegoen. Goiko abadia eta inguruko eraikinak irekitzeko denbora asko falta zen, eta bezperan Done Mikeli egin ez nizkion argazkiak lasai asko egin nituen. Elizaren aingeru defendatzaileak ez zen mugitu, Mont Sain Michel mendiari buruzko liburuxka bat ostu nuenean ere ez. Foiletoa limosna-ontzi baten ondoan zegoen, utzi beharreko limosna txikiena tasatuta.
Abadiako hogeita zortzi orrialdeko liburuxkak abadiako monje-elkarteak argitaratua da. Legenden bidez kontatzen dute lekuaren historia. Legendak direla esaten dute, beraz ezin dut esan egiatzat hartzen dituztela, baina irakurtzen duzunean hori ematen du. Kristauek baino lehenagoko historiak bazter bat besterik ez du; fraideek esaten dute ezin dutela asko esan horri buruz, zeren eta adituek ez direla ados jartzen, eta beraiek horretan ez direla espezialistak ―”nous n’avons aucun compétence”―. Frogaezinak eta sinestezinak diren gainontzeko legendetan adituak omen dira!
Elizaren ondoan hilerria dago, eta hara begiratzen duen atetik atera nintzen parrokiatik. Hilerrian La Mère Poulard dago lurperatuta. Emakume hau arkitekto baten zerbitzaria zen. 1872an arkitektoaren familiarekin heldu zen Mont Saint Michelera. Hurrengo urtean ezkondu eta ostalaritza negozioan hasi zen; erromesen artean famatuak egin ziren bere tortillak eta gailetak. Martxan jarri zuen negozioa biderkatu egin da, eta bere izena nonahikoa bihurtu da mendiko bazter guztietan. Abadiak, goitik, Kepa Deunaren eliza eta ondoko hilerria menperatzen ditu; La Mère Poularden hilobiak herriko etxe gehienen gainetik dago, oinordekoen negozioak menderatzen.
Abadia irekitzeko ordua heldu zenean banengoen sarreran itxaroten, beste bi dozena eta erdi pertsonak bezala. Abadiako sarbidean bukatzen da Grande Rue kale estua. Gotortuta dago sarbidea, eta guardia gelatik pasatu behar duzu sarrera erosteko. Esaten dute Mont Sain Michelera heltzen diren bi herenek ez direla hemendik pasatzen. 10 euroko txartela izango al da erruduna, edo gora heltzeko igo behar diren ehunka eskailera mailak?
Eskailerak haitza inguratzen du hegoaldetik arku moduko bat egiten. Eskailerako eskuinaldeko hormak basamentu erraldoi baten parte dira, ezkerrekoak abadia-eraikinenak. Basamentuak egin behar zituzten goialdeko eliza eusteko, zeren eta elizaren erdiko zatia besterik ez zuten haitzaren gainean egin; presbiterioa, transeptua eta elizaren beste zatiak ez daude haitzean zimendatuak.
Goiko mendebaldeko terraza zeharkatu nuen elizan sartzeko. Barruan talde batzuek hartu zuten lekua gidari banaren inguruan. Goizeko lehenengo turista-saldoek bazter interesgarriak betetzen zituztenez, terrazara itzuli nintzen. Oso begiratoki ona da, baina lainoak irauten zuen oraindik eta paisaia zehaztugabetasunean jarraitzen zuen. Laurogei metro beherago itsaso grisa lurra berreskuratu nahian zebilen. Terrazaren ertzean geratu nintzen denbora luzez, urak lokaztutako hareak nola estaltzen zituen ikusteko. Olatuak geldoak eta txikiak ziren, indar gabekoak; baina batzuetan, urak hareazko eremuak estali eta gero, ur zurrunbilo handiak sortzen ziren.
Elizara itzuli nintzenean lehengo taldeak ez zeuden, bakarka edo bikoteka heldu ginenak bakarrik geunden, eta hainbat mendetan eraiki, handitu, erre, erori eta berreraiki den tenplutik, lasai asko ibili nintzen. Erromanikoa eta gotikoa elkarren ondoan ikusi nituen.
Bisitaren ibilbidea jarraituz elizatik atera, eta Eraikin Miragarria deitutakoan sartu nintzen. Alde guzti hau miresteko, bere osotasunean irudikatu behar duzu. Alde edo gela guztiak miresgarriak dira; bat ikusten duzunean beste guztiak mentalki irudimenean islatzeko gauza bazara, miresgarriagoak dira oraindik.
Eraikin Miragarria XIII. mendeko eraikitzaileen maisutasunaren lekukoa da. Hiru solairuko bi eraikin txertatu zituzten haitzaren aldapa nabarmen handian; behealdeko egiturak eta zutabeak izugarriak dira, astunak; eraikuntza gora doan heinean arinagoak eta lerdenagoak bihurtzen dira, klaustroan bukatzeko. Bisita goitik behera dago antolatuta, klaustrotik kapilautzaraino. Klaustroa monjeen gunea zen; bertan otoitz egiten zuten, eta erlijio-jaietan prozesioak gauzatu; bertatik elizara, artxibora, sukaldera eta logeletara joan zitezkeen. Kapilautzan txiroak eta erromesak artatzen zituzten.
Bisita bukatuta, Grande Rue kaletik behera alde egin nuen. Bazkaltzeko ordua zen, baina ez nintzen La Mère Poularden ondorengoen saltokietan eta ostalaritzako negozioetan gelditu. Atzean utzi nuen Mont Saint Michel mendia. La Caserneraino heltzen den pasarelatik behin baino gehiagotan begiratu nuen atzera. Lainoak ez zuen eragozten haitz sakratuaren ikusmena, baina elizaren orratz luze eta estuaren puntan Done Mikel ferekatzen zuen oraindik, urrezko distirak galarazten.