Infernua egongo balitz, eta su-izaera izango balu, Saint Michel d’Aiguilhe haitza infernutik sortu zela esan genezake. Sumendi baten aztarna da, sumendi-lepo bat; lurraren erraiak hemendik atera ziren, eta hoztu, eta gogortu. Baina sendoenak soilik irauten dute (zoritxarrez askotan), eta higaduraren lan jasankorrak desegin eta desagerrarazi zituen lurrak barrendik botatako materia ahulenak; Saint Michel d’Aiguilhe haitz gogorrak, aldiz, higadurari eta denbora amaiezinari eutsi dio.
Haitza sortu zenetik milioika urte geroago, adimentsua omen zen espezie bat agertu zen inguruetan. Adimentsua, eta sormen handikoa ulertzen ez zuenari azalpenak emateko; edo miresten zituen berezitasun aparteko lekuen inguruan, istorio erakargarriak asmatzeko. Horiek horrela, lurraren erraietatik sortutako haitz hau, gurtza lekua egin eta sagaratu zuten.
Kristautasuna ezarri aurretik, Merkurio jaungoikoak bere lekua zeukan haitz honetan. Erromatarrentzat, beraiek konkistatutako lurraldeen jaungoikoak Erromako jainkoen manifestazio lokalak ziren; eta askotan, erromatar izenek lehengo jaungoiko eta izen jatorrizkoak ordezkatu zituzten. Erromatarrak heldu aurretik gurtza lekua zen haitz hau, eta Lug edo Lugus izeneko jaungoikoari sagaratua egon zitekeen.
Lug, Merkurio eta Done Mikelek profil desberdinak dituzte, baina antzeko funtzio batzuk adjudikatzen zaizkie ere. Merkurio jaungoikoari, adibidez, hil berriak beste mundura eramatearen funtzioa eman zioten, beste askoren artean; kristautasunean azken judizioan arimak pisatzearena, Done Mikeli eman diote.
Dena delakoa, nik esango nuke haitz gogor eta iraunkor honi aitzinetik txertatutako sinesmenak iraunkorrak direla ere.
Helmuga berria balizko bidaia baterako
Bidaia hau egiteari buruzko lehenengo ideia izan nuenean, Saint Michel d’Aiguilhe ez zen helmuga bat. Italiako Torinoko probintzian Sacra di san Michele ezagutu nuenean bururatu zitzaidan bidaia; han izan nuen Done Mikeli sagaratutako eliza batzuen lerrokaduraren lehenengo berria. Eta oso deigarria egin zitzaidan.
Saint Michel d’Aiguilheko eliza ez zegoen zerrendan. Ustekabean aurkitu genuen azken udan, Alsazian egindako bidaia baten bueltan. Geldiune bat egin behar genuen, eta Le puy en Velayko kanpin batera abiatu ginen. Ezusteko handia izan zen harrizko orratz honen aurkikuntza; kanpinaren parean, laurogeita bost metroko orratz baten gainean eliza bat! Herria eta haitza ikusteko luzatu genuen egonaldia. Merezi zuen!
Haitz honen hurbil badago beste bat, Rocher Corneille; honen gailurra gorago dago, baina ez da Aiguilhekoa bezain zorrotza. Saint Michel d’Aiguilheko haitzak orratz baten forma du; ezin da literalago deskribatu. Orratzaren puntara heltzeak ezinezkoa ematen du. Gizakiek ezinezkoa dena (edo ematen duena) lortze aldera, balizko bitartekariak bilatu edo asmatu dituzte askotan; hemen, helezina ematen zuen lekuan, gurtze lekua jarri zuten.
Eliza kristau baten lehenengo eraikitzea, 961ean edo 962an izan zen; Puyko Godescalc apezpikuak 950ean Santiago Konpostelakoa hirira egindako erromesaldi baten bueltan agindu zuen. Erromesak erakartzea lortu zuen, eta Puy bertan hasten den Santiagorako erromesaldi-bidea (Via Podiensis), entzutetsuenetariko bat bihurtu zen.
Arte eta legendak erromesak erakartzeko
Haitzean zizelkatutako 268 eskailera-mailak zapaldu nituen. Goraino heltzeko gutxi falta zitzaizkidanean, elizaren portada agertu zitzaidan aurrean, oraindik nire gainean. Gailurrean egindako lehenengo eliza (gaurko aldare inguruko aldea) X. mendekoa da, mozarabiar estilokoa. Erromesak gero eta ugariagoak egin ziren, eta XII. mendean handitu zuten eliza; gaurko portada, sarrera, deanbulatorio eta dorrea eraiki zuten, haitzaren gailurrak duen leku urriari moldatzen. Portadan ondo sumatzen da Iberiar penintsulatik ekarritako arkeologia-estiloa, Santiagorako erromesaldi-bidetik.
Barrualdea ikusgarria da, edo, justuago izateko, liluragarria; agian hain leku txikian hain gauza miresgarriak egoteagatik, guztiz erakargarriago ematen du. Elizako jatorrizko eremua, eta sarrera gainekoa, fresko beterik daude; lekuari moldatutako XII. mendeko eraikinean, zutabe estu eta lirainak jasaten dute sabaia; plano eta orientazio desberdinetako ate, leiho eta leihatiletatik sartzen den argi iragaziak, kolore beroaz tindatzen du dena…
Kanpoaldean horma batek inguratzen du eliza. Zati batzuetan altuegia da, eta zaila egin zitzaidan burua ateratzea haitzaren amildegia ondo ikusteko, baina bikainak dira Le Puy en Velayko bistak.
Erdi Aroan erromesak erakartzeko, funtsezkoak izan ziren erlikiak; Done Mikelganako eraspena sortzeko ezinezkoa zen erlikiak lortzea[1]. Arkanjeluaren ospea sortzeko agerraldiei eta legendei jo zieten. Aiguilheko legendarik famatuena bidaia honetan bisitatu nituen beste lekuetan errepikatzen dute, aldaera batzuekin. Emakume gazte baten birjintasuna zalantzan jarri zuten. Gazteak Done Mikeli gomendatu zion bere burua eta haitzaren gailurretik salto egin zuen. Done Mikelek erorketa mantsotu zuen, eta gazteak ez zuen minik hartu. Neskak salto egin zuen berriro, eta goiaingeruak beste behin salbatu zuen. Harrokeria emakumeaz jabetu zen, eta hirugarren aldiz errepikatu zuen jauzia. Hirugarrenean Done Mikelek ez zuen kolpea geldiarazi.
Nik, badaezpada, eskailera-mailetatik jaitsi nintzen.
[1] Espiritu baten erlikiak lortzea ezinezkoa izan arren, hainbat lekutan aingeruen balizko lumak beneratu dituzte. Elizarentzat aingeruen eta beste espirituen existentzia “dogma” da; “materiagabeko izakiak” izan arren, hainbat elizetan horien erlikiak izan omen dituzte, eta sari baten truke erakutsi ere. Adibideak: El Escorial monasterioan Done Gabrielen luma bat gordetzen zuten, eta orain dela gutxi arte erakutsi ere; Italiako eta Alemaniako eliza batzuetan Done Mikelen eta Done Gabrielen lumak zituztela esaten zuten; Alemaniako Mainz hiriko katedralean Espiritu Santuaren bi luma eta arrautza bat zeukatela baieztatzen zuten, eta ikusi ondoren sari bat uzten zuenari, egindako bekatu guztiak barkatzen zizkioten.