10.- Sacra barrutik

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2018ko urt. 23a, 11:49

Sacra di San Michelen sartu eta lehenengo eskailburutik behetik gora begiratu nuen haitzetik sortzen den zutabe sendoa. Hemezortzi metro gorago zutabe erraldoian, haitzean eraikitako basamentuaren beste zutabe txikiagotan, eta euskarri hauetatik sortzen diren arku eta gangetan, elizaren zoladura bermatzen da. Toki hartan txikitasun sentsazioa sentitu nuen, kanpotik hogeita sei metroko abadiaren fatxada puska ikustean baino handiagoa.

 

Sacra di San Michele Europako estilo erromanikoko gune erlijioso handienetako bat da; gaur ikusten duguna mendeetan zehar egin diren eraikuntzen, eraisketen eta handitzeko lanen emaitza da.

Pirchiriano mendia bazen gurtza lekua eliza eraiki baino lehen. Pirchiriano latinezko porcarianus hitzetik dator, beraz mendia txerriekin lotuta zegoen; inguruko Caprasio mendia ahuntzekin zegoen erlazionatuta, eta Musine, astoekin. Zeltentzat  txerria elikagai magikoa omen zen.

Sacra di San Michele elizako fresko batean, eraikuntzari buruzko legenda bat irudikatzen da. Legendak esaten du deabruak Pirchiriano mendian bizi zela, eta lo egiteko salto egiten zuen Susa haranaren beste aldeko Caprasio mendiraino. Sinesmen hori “gezurtatzeko” San Giovanni Vincenzo fundatzaileak Done Mikelen omenez eliza bat eraikitzea erabaki zuen, eta Caprasio mendia aukeratu zuen horretarako. Nola edo hala, hasteko dena prest zegoenean, Done Mikelek Pirchirianoko gailurrean nahi zuela jakinarazi zion. Freskoan aingeruak eta usoak ikusten dira eliza egiteko habeak Caprasiotik Prichirianora hegan eramaten. Egia polita aurreko sinesmena gezurtatzeko. Nik esango nuke onura gehiago ateratzearen nahia izan zitekeen Pirchiriano gailurrean egiteko arrazoi nagusia; gailur honek 962 m ditu, Caprasiok baino 546 m gutxiago, eta sarbidea guztiz erresagoa da hegorik ez dituzten erromesentzat.

Hildakoen harmailadia eta Zodiakoko atea

Abadian sartzean, aurkitu nuen gune erraldoian gora begira, igarogaitza iruditu zitzaidan lekua. Hildakoen harmailadia deitzen diote atari honi, lehen abadiaren ongileen eta abadeen hilobiak hemen jartzen zituztelako. Sarreratik eskailera luze eta aldapatsu batek  Zodiakoko ateraino eraman ninduen. Goitik ikusita ere, izaki hutsala ikusten nuen neure burua izugarrizko espazio hartan.

Haitzetik sortzen den zutabe sendo eta erraldoia inguratu nuen igotzean. Pirchirianoko lehenengo eraikin kristauak X. mendekoak dira; geroko eliza eta eraikinak bermatzeko egin zituzten zutabe eta basamentuaren atzean ezkutatuta daude orain. Ikusi ez arren nire aurrean eta goian neuzkan igoera hastean, eta gorago nengoenean, nire parean eta eskuinaldean.

Zodiakoko atean geldialdi luze bat egin nuen hango XII. mendeko maisulana miresteko. Hemen ez nuen miretsi neurrigabetasuna, lan fina eta samurra baizik. Friso eta kapiteletako irudiak izugarriak izateaz gain, oso ondo kontserbatuta daude. Historian zehar Elizak xedatu dituen gaizkiaren ikurrak ez dira falta kapiteletan; batean bi emakume sugeei eradoskitzen irudikatuta daude. Mende luzez, Elizarentzat, sugea eta emakumea “gaizkiaren ikurra” eta “gaizkiarentzako tresna” izan dira hurrenez hurren. Ikur eta irakaspen horiek misoginiaz blaitu dute mendebaldeko pentsamendua mendeetan zehar, eta Elizak ezin du esan erruduna ez denik.

Eliza, berreraikitzeak eta hondakinak

Zodiakoko atea zeharkatu ondoren beste harmailadi bat igo nuen elizaren ateraino. Deigarria da eskaileren, arkuen eta horma-bularren kolore berdexka, elizako absideek duten bezalakoa. Mende batzuen abandonuak abadiaren hondamendia eragin zuen, eta orain ikusten ditugun arrapala-arkuak, elizako gangak, absideak, eta abar, XIX eta XX. mendeetako birgaitze lanen emaitzak dira.

Elizaren eraikuntza 1160an hasi omen zen, eta ia ehun urte iraun zuen; estilo erromanikoa eta gotikoa elkarren ondoan ikus daitezke. Zutabe baten azpian mendiaren haitza sortzen da; arrokak hamabost zentimetroz gailentzen du elizaren zoladura. Hiru absideak adreilu gorriz estalita edo gaineztatuta daude, eta ekialdetik sartzen den argia islatzen barrukoa koloreztatzen dute.

Atzealdean ikusi nituen freskoak mende batzuk geroago eginak ziren, XVI. mendean; batzuetan Done Mikel da protagonista.

Beneditarren eskuetan ospe handia izan zuen Sacra honek hainbat mendetan. Gero kudeaketa txarrek, lurrikarek, suteek, arpilatzeek, eta batez ere mende batzuen abandonuak hondamenera eraman zuten Sacra di San Michele. 1836 urtea izan zen berpiztearen hasiera: Carlo Alberto de Savoia rosminianoen kongregazioari eskaini zion lana. XIX. eta XX. mendeetan birgaitze lan handiak egin dira abadian. Berregituratzea 1937an bukatu zen. Alabaina ez ziren hondakin guztiak berritu.

Susa haranera begiratzen duen iparraldeko aldean antzinako abadiaren berritu gabeko hondakin handiak geratzen dira, nabarmenena Alda Ederra-ren dorrea da; 600 metro beherago haraneko herriak daude. Dorre honetan errepikatzen da (aldaera batzuekin) Saint Michel d’Aiguilhen kontatzen den legenda, hemen ere emakume bati gertatutakoa. Alda Ederrak soldaduen sexo-jasarpenetik libratzeko bere burua jaurti zuen dorretik, baina Done Mikelek salbatu zuen. Harrokeriak bultzatuta salto egin zuen berriro, baina Done Mikelek ez zuen ezer egin eta harkaitzen kontra jotzen hil egin zen. Done Mikelen ahalmen onuragarriak balioztatzeko asmatutako legenda hauek, zergatik bukatzen dira horrela? Zergatik aurkezten da emakume “bertutetsu” bat, eta miraria gertatu ondoren laidotzen zaio? Sinesmen eta erlijioekin lotura dute istorio hauek; legenda hauek baliabide moduan erabili dira, eta asmatu dutenek Done Mikelen ahalmenak apaintzeaz gain, emakumearekiko dituzten usteak denon begibistan uzten dituzte. Bi legenda hauetan emakumearekin egin zutena argi dago: erabili eta bota.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide