Santiago de Txilen ere, euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2018ko aza. 29a, 18:18

Jose Mari Gutierrez Santiago de Txileko "Denak Bat" euskal etxeko kideekin. / Jose Mari Gutierrez Angulo

Hego-amerikatik bidaiatzen ari da Jose Mari Gutierrez. Santiago de Txile hirian Euskaraldia nola bizi duten laburbildu du.

-Kaixo.
-Arratsalde on. Euskalduna zara?

Horrela hasi zen bi ezezagun arteko gero luzea izango zen solasaldia. Euskaraldiaren lehenengo eguna zen. Trinkete baten teilatu azpiko pasabide estu batean gertatu zen, Santiago de Txileko Denak Bat euskal etxean. Ni ateratzera nihoan; bestea, emakume gazte bat, Denak Bat-en duen txokora zihoan. "Ahobizi" txapa zeraman.

Elkar aurkeztu genuen; bera Mireia Orbegozo, euskara irakaslea Chileko Unibertsitatean eta Unibertsitate Katolikoan; laurogeita hamar bat ikasle ditu.
Denak Bat euskal etxean euskararen eguna ospatuko dute abenduaren 1ean; Mireiak, Alvaro Montes de Oka (euskal etxeko euskara irakaslea) eta bertako beste ikasle batzuekin, euskara egunaren egitaraua ixtera etorri zen bertara. Geratu nintzen.

Hamar bat pertsona elkartu ginen: esandakoak eta Nicolas, Itsaso, Jorge, Marta, Sebastián, Marijose, Catalina...; gazteak gehienak, helduagoak batzuk, eta jubilatu bat, ni neu.
Miresgarria egin zitzaidan Santiagon euskara ikasleak aurkitzea; eta deigarriagoa oraindik Euskal Herriarekin inongo loturik gabeko madrildar neska bat ikasle talde honetan aurkitzea; Marta ikasturte oso bat egongo da Santiagon, eta bertan hasi da euskara ikasten; itzultzean jarraituko du ere.

Egitarauaren azken ikutuak borobildu ondoren, Txileko ardoz, garagardoz eta Nicolasek eta Alvarok prestatutako pintxo gozoez, disfrutatu genuen. Pintxoak gurean jan ditudanak bezain onak.
Jana, edana eta solasaldia luzatu ziren, bakan batzuentzat gauerdira arte.

Lau egun beranduago hurbildu naiz berriro euskararen egunerako txalaparta entsegua ikusi eta agur esatera. Larunbatean, euskara eguna ospatuko dutenean, urrun egongo naiz, baina txalaparta soinua nirekin eramngo dut. Entzutean euskaldun hauek gogoratuko ditut, egun horretan eta gero ere, euskaraldia loratzen jarraituko duenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide