Mendi txartelen istorio polit bat

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2016ko aza. 10a, 23:45

1914ko irailaren 30ean, Ganekogorta mendiko puntan ospatu zen bileran, orduko Club Deportivo Bilbao-ko lehenkariak, geroxeago Euskal Herriko Mendi Federazioaren lehenengo presidentea izango zen Antxon Bandresek Ehun Mendien Lehiaketa egiteko deia egin zien lehenbizikoz euskal mendizalei. Ekimenak oihartzun zabala izan zuen eta une hartatik aurrera gaur arte izan duen ibilbide luze eta zabalari hasiera eman zion: lehenengo azkentzaileak , lehenengo euskal mendien katalogoa,  lehenengo mendi “buzoiak”(txartela-ontziak), igoerak dokumentatzeko lehenengo txartelak, azkentzaileen jaiak.... Tira, mendi txartel bat aurreneko euskal eskaladaren lekuko eta proba izan zen.

Baina zer demontre dira mendi lehiaketak?

            Mendi taldeek edota  federazioek mendizaletasuna sustazeko antolatzen dituzten kirol- jarduerak dira mendi lehiaketak. Hainbat  lehiaketa mota daude. Zaharrena, eta inportanteena nolabait esatearren, tokiko mendi taldearen  jardueraz haratago doana, Ehun Mendien Lehiaketa da, eskuarki  gazteleraz, “centenarioa” deitu izan dena . Bada  Euskal Mendien Katalogoa izeneko argitalpen bat, non jatorrian Euskal Herri osoko ia 700 mendi agertzen diren, pritzipioz eskualde guztietako mendirik garrantzitsuenak geografiaren aldetik. Lehiaketaren funtsa honako hau da: 5 urteko epean  zerrenda horretako 100 mendi egin behar dira ( mendi bat eguneko, baino ez),  “Ehunekoen  Azkentzailea” izateko. Saria horixe baita,   Ehunekoen Anaidiaren  parte izateko ohorea edo. Mendizaletasunaren ezugarriak  kontuan hartuta, ez dago modurik, igoera horiek egiaztatzeko eta hori egiteko modu bakarra mendizalearen hitza da. Balio hau, besteak beste, mendizaletasuna gainerako kirol jardueren aldean ezberdin egiten duena da. Eta hitz hori babestuko duen gauza bakarra  mendi punta gehienetan dauden buzoietan igoera burutzean uzten den txartela izango da.  Posiblea da txartela-ontzi horretan beste mendizale batek utzitakoa aurkitzea. Orduan hori jaso eta norberaren taldearen egoitzan utzi behar da, urtearen amaieran taldeen artean txartela elkar-trukaketa gauzatuko delarik.  Prozedura bitxi honen emaitza zera izango da: mendi azkentzaileen igoera gehienak dokumentatu ahal izatea , oso modu sinbolikoan bada ere. Adibide ezaguna da, Fraileburun eman zen lehen eskaladaren proba mendi txartela bat izan zen. Txartelok mendi talde bakoitzak diseinatu eta argitaratzen ditu, igoeraren oinarrizko datuak batuz, taldearean ikurrez lagundurik. 

            Pasa den urriaren 25an Berria egunkariak elkarrizketa interesgarria argitaratu zuen (http://www.berria.eus/paperekoa/1855/026/001/2016-10-25/mendizaletasuna_galtzeko_zorian_gaude_esnatzeko_garaia_da.htm) .Horren bitartez, Gipuzkoako Mendi Federazioaren ekimenez Luix Mari Zulaika EHUko irakasleak gidatutako “Mendizaletasuna sustatzen haurren artean” egitasmoaren berri ematen zen. Mendiko jardueretan umeen parte hartzearen jeistea da lan honen abiapuntua eta hori gertatzeko arrazoietan sakondu egiten da: jendartearen eta  bizmoduen abiadura, bizimodu sedentarioen zabalpena, naturarekiko lotura galtzeko arriskua, kirol nagusien neurrigabeko lehiakortasunaren hegemonia  lehiakortasun gabekoen gainetik, mendizaletasunaren balioak galtzeko arriskua...  Ondorio argiak mahaigaineratzen ditu, mendizaletasuna galtzeko bidean egon daitekeen testuinguruan. Batzuk eragile eta joera sozial jakin batzuei egozten badizkie ere, beste batzuk mendizaletasunaren inguruan mugitzen garen talde zein banakakoei zuzenduta daude: erakunde, federazio, talde zein gurasoei. Gogoeta zinez interesgarriak. Danok egin beharrekoak, balio horiek betiko ez galtzeko.  Norberak jaso dezala mezua.

            Txartelen trukatze eta ibiltze kontu hori etortzen zait burura gogoeta horiek irakurtzean.  Izan ere, aipatu izan diren  eta galtzeko zorian egon litezkeen balio horien erakuslea da ekintza, guri berriki istorio polit bezain polita utzi  izan diguna.

 

Gallartako Galarreta mendi taldeari zuzendutako gutuna

            Kaixo lagunok!   

Ganeko, Marta eta Joxe gara, Laudioko Goikogane mendi Taldeko bazkideak. Zuegana jotzen dugu  zuen taldearen  txartel bi hauek zuzenean bueltatzeko, gure taldearen egoitzan utzi beharrean. Kontua izan  da  txartel horiekin kasualidade bitxi bezain polita suertatu zaigula eta nolabait,  zuzendaritza batzordekoei  zuzenean helararaztea pentsatu dugu, txartel horiek utzitako bazkidei  jakinaraziko diezulakoan.

            Pasa den abuztuan Esloveniako Alpe juliarretan ibili gara hainbat mendi egiten. Horien artean, Sleme deritzona egiten genuen, 1911metrotako behatoki ikusgarria, Vrsic mendatetik abiatzen den  ibilbide eskuragarri eta ederretik gora. Euskal Herrian bezala, (baina ez berdin-berdin) Eslovenian badute ohitura mendi puntetan buzoiak (“txartela-ontziak”) ipintzeko, igoerak erregistratzeko asmoarekin. Slemeko txartela-ontzia tontorretik baino beheratsuago den zuhaitz batean kokatuta dago eta gure txartela uztera gindoazela, barruan zituen koaderno eta paper pilo artean, zer topatu eta Gallartako Galarreta mendi taldearen txartela,  Mertxe eta Alberto mendizaleek sinatuta hilabete lehenago. “Kontxo, euskaldunak inguru honetan!” Pozez jaso genuen txartela etxera itxulzean, gure taldearen egoitzan utziko eta Galllartako mendizaleen igoera dokumentatzearen gurpila itxiko genuela. Arrazoi ezberdinak direla medio, txartelak etxean jarraitzen zuen, egoitzara noiz eramango zain.

            Urriaren amaierako zubi honetan Kantabria aldera jo izan dugu, bertako mendiren bat egiteko asmoarekin.  Goikogane mendi taldearen egutegi barruan Castro  Urdiales ondoko Cerredo zegoen eta horra igotzeko bidea hartu genuen lehenengo egunean. Okerreko ibilbidea hartzeak txangoa izorratu  zigun eta beraz, beste mendi plan bat bilatu behar izan genuen hurrengo egunetarako. Urrian zehar izan dugun eguraldi zoragarria lagun,  mapari buelta pare eman eta gure urratsak Lunada aldera abiatzea erabakitzen dugu. Asmo zehatzik gabe eta kasualitate handiz, betidanik kutun izan dugun Peña Lusa ( euskarazko “luze”-tik omen) aldera jotzen dugu. Horretarako, Lunadako mendatetik  Las Machorraserantza jeisten den errepideko 5. kilometroan kotxea aparkatu eta Tramasquera lepora doan pista hartuko dugu, bertako pagoen itzala gozatuz. Lepotik, Bonetea inguratu eta gailurrerira doan ahuntz-bidetik gora egiten  dugu, erpin  nagusia jo arte. Behatoki aparta da, euskal mendien eta Kantauri Mendikateko ikuspegia zoragarria eskeintzen duena. Azken orduko plan aldaketak jardun ederra oparitu digu, bai horixe!! Baina  patuak ustekabe gehiago zituen guretzat. Izan ere,  a ze sopresa gure txartela sartzeko zilindro formako ontzia zabaldu eta plastiko batean bilduta Galarreta Mendi Taldearen txartela ikustean, nortzuk eta Mertxe eta Alberto mendizaleek sinatuta...ordu ta laurden lehenago!!  Ezin ekidin oihua botatzea: Mertxee!!! Baina gure lagun ezezagunak ordurako Collados de Asón-en (bertatik egina omen zuten igoera) utzita zuten ibilgailutik hurbilago egongo  ziren Peña Lusako tontorretik baino. Jeitsiera Escalerucas lepotik egin genuen ibilbide borobil ezin ederragoa eginez.

            Tira, hain kasualitate handia eta era berean polita eta berezia ezin gorde guretzat bakarrik eta anekdotaren “beste protagonistekin” nola edo hala partekatu beharrean geratu ginen. Eta ez eurekin bakarrik baizik eta mendizale guztiekin. Azken finean, gure jardueraren balioen adibide ona da, kirol jardunaz, paisaiaz eta abarrez haratago. Gainera guretzat bereziago izan da, mendia familian egiten baitugu eta anekdota familian partekatu dugu.  Mendizaleen mugarik gabeko laguntasunaren erakuslea, gure 8 urteko semeak ere  bizi ahal izan duena.

Zalantza barik, anekdota polit honek, bere txikitasunean,  handia da irakatsi diguna, neurrigabeko lehiakortasuna eta balioen galtzea mendizaletasuanri loturiko umiltasun eta zintzotasunari inposatzen ari zaien honetan.

            Gauzak horrela, eskerrik asko Galarreta taldeari, eta bereziki ezagutzen ez ditugun Mertxe eta Albertori, gure bidean gurutzatzeagatik.

Adeitasunez,

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide