Laudioko Gazte Mugimendua aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2015ko aza. 20a, 12:33

Laudioko Gaztetxeak hurrengo urtean 15 urte beteko ditu eta efemeride horri begira beroketa  gisa edo,  Gazte Asanbladak datorren zapaturako jardunaldia deitu du Zubiko Etxean. Leku sinbolikoan deitu ere, bertan gaztetxe zaharra egon baitzen, gure herriak izan zuen lehenengoa hain zuzen ere.

1985.urtean Altzarrate auzoan kokatutako Laudioko Skuata (“casa de pinturas”) zeritzona okupatu zuten   hainbat gaztek. Egun existitzen ez den eraikin horrek (koka zaitezen, Latiorro auzoan, trenbide ondoko aparkalekuaren amaieran zegoena) jarduera handia hartu zuen bere baitan,  musikaren inguruan gehien bat. Azpimarratzekoak dira ospatutako hamarnaka kontzertuak, mundu mailako hardcore eszenaren talde esanguratsuekin (NOFX, Green Day, Toxic Reasons... batzuk esatearren). Kontzertuez gain, eraikina oso handia zenez (handiegia aukeran, Maderas lantegi zaharraren langileentzako 20 etxebizitzaz osaturik ez zegoen bada!) musika taldeen entsegu lokaletarako  oso erabilia izan zen.

Hala ere, bere funtzionamendu anarkikoak ez zuen lortu  herriko gazteriaren sektore handi bat gogobetetzea, profil serio eta politikoago bat bilatzen zuena. Ondorioz, handik bi urteetara edo, sektore horrek Laudioko Gazte Asanblada izena hartuta, udalak lokal bat uztea lortu zuen eta Zubiko Etxean Laudioko Gaztetxea sortu zuten.

Leku aparta zen, “koketo” eta txikia, baina  neurri duinekoa. Lokal soziala eskaintzeaz gain, ekimen ugariren sorburua izan zen:  ikastaroak, disko eta liburu aurkezpenak,  tailerrak, hitzaldiak eta baita kontzertu andana ere. Horrez gain, Gazte Asanbladak kontzertu handiak antolatu zituen  Aretako frontoian, Toy dolls eta Angelic Upstarts bezalako nazioarteko talde garrantzitsuekin.

Horretan ere bitxia da gure herria: alde batetik, Skuat-a zegoen eta bestetik Gaztetxea (egun, oraindik orain, jarraipena  duen joera, Orbeko-Gaztetxea tandemarekin). Eta onartu beharra dago, batez ere hasierako urteetan, harremana ez zela batere ona izan bi kolektiboen artean. Denborarekin  hartu-emana zuzendu eta ekimen bateratu batzuk antolatu zituzten.

1991. urtean alkatetza eskuratu berri zuen Antonio Aiz-en obsesio handienetakoa bat herriko gazte mugimenduaren gune garrantzitsuenak desagertaraztea izan zen.  Hala, tema horren ondorioz, gure herria bi urteko epean,  bi "gazteleku autogestionatu" izatetik, bakar bat ere ez izatera pasa zen.

Gaztetxeari tokatu zitzaion lehenbizikoz: mehatxua, polizia bidali, gazteak jipoitu, auziperatu eta zigortu,  Gaztetxea itxiz jakina. Hurrengo urtean, Laudioko Skuata-Casa de pinturas zelakoaren “txanda” izan zen,  kasu honetan, operazio  mediatiko-politiko-polizial baten laguntzaz, helburu  berberarekin, hau da, etxea ixtea eta gazte sektore bat zigortzea.

Aurreko astean Gazte Asanbladaren kide baten deia jaso nuen, orduko gazte mugimenduko kidea izan nintzen heinean, zapaturako antolatu diren ekimenetan parte hartzeko edo. Laudioko mugimendu alternatiboaren  inguruko hitzaldia antolatu zutenean edota pasa den urteko Gazte Egunari emandako kutsuarekin bezala, bere deia pozez eta ilusioz jaso nuen, Laudioko egungo gaztedi konprometituak herriko gazte mugimenduaren historia kontuan hartzeaz gain, bere egiten duela erakusten duelako.  Autogestioaren bidetik, jendarte ustel honi izkin egiteko, akatsetatik eta ondo egindakoaz ikasten, aurrera egiteko adore eta indarra erakusten duelako. Goiko argazkian agertzen den moduan,  azken finean, duela 20 urte  Pinturaseko teilatutik  Toño Aiz-i  bota genion lelo hura bere horretan mantentzen delako: Izan zirelako gara eta garelako izango dira.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide