Gibijo ezagutzen ez duenak jakin beza, Aiaraldearekin (Arrastaria) hego ekialdetik muga egiten duen mendigunea dela, Gorobel-Santiago lerroaren jarraipena edo zabalpena izanik Arkamun sartu aurretik. Delikako zirkuaren goiko alde arabarra da (Urkabuztaitz eta Koartango udalerriak) eta lautada karstiko ikusgarria osatzen du.
Esan bezala, zuhaizti autoktono eta belazez eratutako zabalgune laua da Gibijo. Orografia motelak eta herrigunekiko hurbiltasunak abeltzantza estentsiborako eremu bihurtu zuten aspaldi. Aisiaren ikuspuntutik, guztiz egokia da mendiko bizikletaz ibilitzeko, pagadi ederretan barnako baso bide sare zabalari esker. Baina maiz mendiaren erabilera ludiko horrek talka egin du jardun ekonomikoarekin, aziendak bertan daudela (udaberritik udazkenera), printzipioz otsoen erasoak ekiditeko, abelburuak babesten dituzten mastin txakurrei aurre egin beharko die hara hurbilduko den mendizale, txirrinduzale edota ibiltariak.
Ondoko mendiguneak bezala, izakera karstikokoa dugu Gibijo, hots, kareharriz osatutako mendi gunea da. Ondorioz, lur azpia kobazuloz beteta dago. Argitaratutako azken datuen arabera, 100en bat kobazulo daude 40 km2ko eremu honetan. Gure eskualdeko orografia ezaugarritzen duen Nerbioi ibaiak harpe (ubegi) horietako batean du iturburu nagusia, eta bertan azaleratzen da Delikako zirkuko labarretatik amildegiratu baino lehen.
Gibijoko Gorzeta inguruan dago bisitatu nahi genuen leizea eta toponimoari erreferentzia eginez hartuko zuen seguraski izena gazteleraz: Grajas de Gorzeta edo Torca de Gorzeta. Ez da leize bereziki garrantzitsua, ezaguna, handia, edota polita. Baina Arabako Espelologia Taldeak Gibijoko kobazuloen katalogoa argitaratu zuenetik, begiz jota nuen. Talde honek esploratu zuen lehenbizikoz 1971. urtean eta 2007an bertopografiatu ei zuen . Ez du ematen bisita askorik jaso duenik. Gorzetako Leizeak nahiko egitura sinple eta txikikoa da: 20 metroko sarbide bertikal bakarra dauka eta putzu honen oinarrian 100 metro pasako galeria horizontala zabaltzen da. Kitto. Lehen esplorazioan, fauna ezur piloa topatu zuten , zuloarean tranpa izaera agerian utziz. Gehienak egun esistitzen espeziei zegozkien ezur aztarnak ziren, baina besteren batzuek garrantzi paleontologikoa zuten, aspaldi desagertua den fauna espezie bati baitzegozkion , behiaren arbasoa izandako uro ale bati hain zuzen ere. Agian horretan datza leize honen garrantzi nabarmenena.
Dena den, gu ez gara ez paleontologoak ez arkeologoak, espeleologiarekin gustatuta dauden mendizale xumeak baizik, paraje eder hauetan lagunarteko “txango” polita egitea beste helbururik ez genuela. Gorzeta eremua ezagutzea eta bitxikeri paleontologikoa zuen esplorazio errezeko leizea bisitatzearen xarmaz disfrutatzea besterik ez.
Beraz, eguraldi hotza baina eguzkitsuak animaturik , Gorzeta aldera abiatu ginen hiru lagun Santiagoko aparkalekutik. Leizearen kokapenaren koordenada geografikoak eskura generatzaman, zuloa ez baita oso handia (2 X 1 m) eta topatzeko zaila GPS gailurik gabe. Sarbidea sokaz atondu ostean, barruratu ginen alde bertikala amaitu eta galeria horizontala zabaltzen den lekuraino. Galeria honetan erreza da ibilitzea hasieran baina sabaia jeitsi ahala, gero ta aldrebesagoa: kukubilka, katuka eta azkenik narrasean, zeharkaezina bihurtu arte. Leizearen oinarrian eta galeria osoan zehar ugariak dira animalien hezurrak eta hezur aztarnak, batzuk ezagunak (txakurrak, ardiak, zaldiak, behiak…), besteitzuk ezezagunagoak eta bakan batzuk oso itxura zaharrekoak. Naturan, mendian, baina batez ere harpeetan jarrera arduratsua inposatzen da eta kontu handiz ibilli behar da, kontuz non zapaldu, balizko artarnak ez kaltetzeko, arduragabetasunak kalte atzeraezinezkoak ekarri ditzakeelako.
Galeria horizontalaren erdialdean, “bestelako aztarnak” topatu genituen, lehenengo esploratzaileek utzitako zaborrak akaso, eta tartean,besteak beste, bi bitxikeria:guztiz ondo kontserbatuta 1971. urteko egunkari ale ia oso bat, (ze egunkaria zen ez dugu lortu jakitea baina harrigarria izan zen gure burua ikustea duela 45 urteko berriak irakurtzen, Formosa zela eta, Txina eta AEBren arteko tirabirak esaterako edo Renault 12 ko iragarkia, utzi berria zirudien egunkari batean, lurazpiko 20 metroko sakoneran!!); ondoan beste aztarna harrigarria: botila bat ardo hutsik ARDAU markakoa. Ardau “ardo” marka Aretan botilaratzen zen duela urte mordoa, egun Onieva eta Iza enpresek okupatzen duten eraikinean. Ardo hitzari gakotxoak ipini dizkiot Ardau oso ardo kaxkarra zelako. Harribitxia!! “Aurkikuntzok” “kutsu abenturazalea” eman zioten “txangoari” eta poz-pozik bueltatu ginen, “mendian topatutako gauza alperrikakoen etxeko museorako ale berrekin”.