Izenburu iradokitzailea duen kontakizuna nire mendi liburuteginoaren alerik kutunetako baten parte da. Gaztelerazko bertsioan "Escaladas en Yosemite. Una nueva dimension del alpinismo" argazki liburua da, irudi bilduma lau idazlan laburrek eta hamarnaka iruzkinek osatzen dutelarik. 70. hamarkadaren amaieran argitaratu zen Geoges Meyers tokiko eskalatzailearen gidaritzapean eta Californiako Yosemiteko labarretan garatutako eskalada estiloa (Big Wall-a deritzona) zabaltzen lagundu zuen, mundu osoko eskalatzaileak erakarriz. 1980. urtean RM argitaletxe katalanak gaztelerara ekarri eta estatu espainiarrean argitaratu zuen.
Urte gutxi batzuk berandugo etxeko apaletan dagoen alea nere eskuetara heldu zen. Oso modu apalean jardun dut eskaladan eta Yosemiteko Haraneko homatzarrak urrunegi geratzen zaizkit. Are gehiago, esan dezaket, hondamendia tartean ez bada, bizitza honetan ez dudala Yosemite bisitatuko. Baina Meyers-en liburu zoragarriarekin disfrutatzen jarraitzeari ez diot uzteko asmorik. Aldiro, bere orrialdeak zabaldu (horiei darien usain bereziak lurrundurik) eta begiradatxo on bat eman ohi diot, hippy yankee ero horien abileziekin txundituta, kontakizunetako baten irakurketa ahogozatuz berriro ere.
Aspaldi egin barik, berriki horixe egin nuen eta libururen bat berrirakurtzen den bakoitzean bezala, oraingoan ere deskubrimendu berriak egin nituen. Argazki gehienak koloretan eta orrialde osokoak izanik, badira zuribeltzetan txikiagoak ere. Horietako batek, txikia izanagatik ere, betidanik erakarri du nire arreta eta haraneko labar ikusgarrienetako batean bi emakumek egindako igoerari buruzko testua laguntzen du. Molly Higgins eta Barb Eastman-ek Capitaneko hormatzarrean egindako eskalada oinarri duen kontakizuna aparta da. Liburuan agertzen diren beste testuetan bezala, Yosemiteko eskalada istorioak hizpide izaten du egileak. Baina Mollyren idatziari bestelako kutsua dario.
Zalantza barik testu femeninoa da oso. Normalean horrelako idazlanetan ohikoak ez diren xamurtasuna, apaltasuna edota zintzotasuna bezalako balioak agertzen dira, mendizaletasun klasikoaren kutsu erromantiko nabarmenarekin batera. Muturreko eskalada eta balio horien nahasketaren emaitza zinez ederra da nire ustetan. Hain gogokoa izan nuen, ezen ez nuen amaitzerik nahi izan; hirutan jarraian irakurri ondoren asetu ez eta testuarekiko harremana luzatu nahiean edo, euskaratzea ez zitzaidan otu ba! Ausarkeria liteke , ez naizelako ez itzultzailea ez oso iaioa kontu horietan. Jatorrizko hizkuntzatik egin ez dudalako gainera. Barka nazatela adituek. Baina ze demotre, mendi literaturan euskarara ekarritako idazlanak esku baten hatzamarrekin zenbatu daitezke eta hastapen guztietan ausarkeria eta baldarkeria ohikoak dira (gaztelerazko bertsioak ere akats nabarmenak ditu, mendizale katalan handi baten ikuskatze teknikoa jaso arren) Bidea zabaltzea baita inportartea.
Ausarkeria liteke baina ariketa hau egiten hartu dudan gozatua inork ez dit kenduko. Yosemiteko beste idazle-eskalatzaile baten hitzak gogora ekarriz: mendiari buruz idaztea, ia-ia mendian ibiltzea bezain gogokoa dut, ia-ia.
Goza dezazuen!!
AURRENEKO ALDIA (Molly Higgins)
Aste euritsu baten osteko lehenengo goiz beroa suertatu zen eta ni horma baten azpian eskalada materiala prestatzen ibili beharko nintzateke. Aldiz, parkineko lurrean zegoen putzuari harriak botatzen nituen, Jim-ek bere furgonetan materiala nola kargatazen zuen begiratu bitartean. Barb "lanpetuta" ibiliko zen bere lagun ugariak bisitatzen, Camp4ko basozaina eta Oregondik etorritako berri haiek. Nik beste desiorik ez nuen: bietako batek lehenbaitlehen amaitzea, egunean zehar egin beharrekoekin jarraitu ahal izateko.
Azkenik, Jim-ek azken kutxa sartu zuen furgonetaren atzeko partean, eta agurtu nahiean edo, niregana hurbildu zen.
Begirada zuzendu nion; jota nengoen...maiteminez...ez bait nuen berak alde egitea nahi!
Bere begi marroi gartsuekin begiratu eta bota zidan:
- Egizan dakinan onena Mol!
- Gera hadi nirekin, eta hobeto egingo niken! - Arranguraz erantzun nion.
Ixiltasunarekin erantzun zidan. Ni, suminduta, buelta eman eta korrikan irten nintzen, Barb bere konpromezu sozialetatik erauzi eta biek basora hanka egin genuen.
- Baina ...nolatan utzi ahal izan nau eta etxera alde egin?? Gure eskalatzaile harremana arriskuan jarri, hain inportartea izanik, ...
- Bazekinat maite dunala. Penagarria baina bera ez dun perfektua - Barb-ek esan zuen.
Jim-ek atleta sorbaldak zituen eta 10 zentimetroko arrakala eskalatzeko haineko ukabilatzarrak!! Fisiko aparta zuen. Gainera begikoa ninduen eta eskalatzaile moduan agertzen zidan konfidantzak bere akatsak izkutatzen zizkidan.
- Gainera orain denbora gehiago izango dinagu elkarrekin eskalatzeko! - Erantsi zuen Barb-ek ixilune baten ostean. Bat nentorren. Barb-ekin eskalatzea dibertigarria zen, abentura bermatuta zegoen eta!! Pareko maila genuen eskalatzen, beste inoren laguntzarik gabe, eta horrek kutsu aursarta gehitzen zion gure proeiktuei. Baina Barb ni bezain ipurterrea ote zen galdetzen nion nire buruari, Jimekin gertatutakoak ausarkeriaren bat egitea eskatzen baitzidan. Barb, ostera, ez zegoen kontu askorako egun horietan.
- Arratsalderako ze plana?? - Barbek itaun zuen.
- Bihurrikeriaren bat, zerbait zaila! - Nik ihardetsi.
Gau hartan Camp 4- tik alde egin nuen, su ondoko kanpinzaleen kantak entzuteko gogorik ez nuen eta. Barb lagun batekin afaltzera joan zen eta Jim tabernaz taberna ibiliko zen San Franciscoko kaleetatik. Eskuetan nuen hazkureak pentsatzea galerazten zidan. Hiritik galduta dabilen umea nola, horrela sentitzen nintzen ni Camp-4n eta bailarako baso lasaietara babesaren bila abiatu nintzen.
Eagle Creek-en gelditu nintzen eskuak garbitzeko asmotan: larrua altxata nuen, hainbat lekutan haragi bizitan arrakalatik gora igotzeko egin beharreko esku-sartzeen ondorioz. Eskalada beldurgarria suertatu zen, txit bertikala; oinarrian egonda, ekitea pentsatze soilak kokildu egiten duena. Arrakala amaigabea zen (agian 40 metro), eta azkenean, bukatzera zihoanean, neke-neke eginda zaudenean, zabaldu egiten zena, ukabilen maniobrak zailduz. Hori borroka azken metrotakoa! 10 minutu behar izan nuen gainditzeko. Besoarekin "zerrraila" egiten saiatu nintzen, eskua arrakalaren alde batean, bestean ukondoa. Bilgunea egiteko lekua topatu ezinean. Azkenik, gorputza bihurrituz, 15 zentrimetroka gora egin ahal izan nuen eta, hondoa arakatzen, indarrez goratzeko moduko maila aurkitu nuen, erlaitz txikia jotzea ahalbidetuz.
Jim-ek edo beste edozein gizonezkoak aise egingo luke ukabileen sartzearen maniobra, baina nik ez. Barb-ek ere gorriak ikusi zituen eta bere eskuek nireak baino txarrago amaitu zuten. Agian lagunek ur beroa erabiltzen utziko zioten eskuak garbitzeko.
Gaua asaldatuta pasa nuen eta bakardade sentsazio izugarriarekin iratzarri nintzen, gogotxarrak jota. Gora begira etzan nintzen, gain-gainean nuen "sugar pine" erraldoiaren enborrari begira. 60 metroko garaiera izango zuen eta zuzen lurretik zeruraino goratzen zen, zut. "Hemengo labarren antza du", hausnartu nuen. Hark guztiak goragalea sorrarazten zidan. Yosemiten dena bertikala zen, bertikalegia aukeran. Harrizko blokeak, mendi labarrak, baita pinu garaiak ere. Paisaia inposatzen zen, harrokeriaz inposatu ere. Eskalada bide bat aztertzen nuen guztietan, burua atzeraino bueltatu behar nuen, horma lau eta gris batean galduriko arrakala antzeman arte. Nik normalean ez nituen aztertzen eskalatu beharreko bideak, beldurra ematen zidatelako. Lehenbizikoz eskalatzean izan nuen beldur berbera zen: gauzak txarto joatearen beldurra hain zuzen ere. Sentsazio bera beragertu zen eskalada bide handiak eskalatzen amesten hasi nintzenean: Washington Colum, Steck-Salathe,..., eta azkenik The Nose, Capitan-ean. "Bide horiek gainditu ondoren, puntako eskaltzailea izango haiz", Jim-ek esana zidan. Baina hormatzar haien azpian ni beti inurri bainintzan sentizen nintzen, ahul eta defentsa barik; are gehiago, indarge, huts egiteko beldurrez: jumar-ekin txarto lotu edota sokaren muturretik haratago rappelatuz...
***************
- Inguru honetan gorputz osoa etzateko moduko erlaitzak omen zauden! - bota nuen sokaren gainean tentsioa eginez, tximinia zirudien arrakalaren hondotik begi zeharka.
- Iluntzen ari dun eta ez naun mugitzen - Barbek - Hartzan “gorp” apur bat (fruitu lehorren nahasketa).
Nik ere mugitzeko gogorik ez nuen, horretarako gorapilo batzuk desegin eta mosketoi batzuk zabaldu behar zirelako...ez nuen akatsik egin nahi.... Gure lehenengo bidea zen horma handi batean eta 300 metrotako murru bati egunetako eskaladan ekiten genion lehenbizikoz. Balizko hanka sartze baten ondorioen jabe ginen, eta nekeak, ezohoiko ohikeriak eta iluntasunak urduritzen gintuzten, zuhurtzia muturretara eramatera behartuz. “ Uve” formako tximiniaren hondoan, elkarren kontra, bizkarrez pega-pega eginda, eguneko gorabeherak, pozak eta beldurrak kontatzeari ekin genion.
- Bukatu dun! Ez dinat birao gehiagorik botako: energia gehiegi galtzen dun!
Kantarik ere ez dut egiten. Aseguratzen, burua ezarri eta erdi lotan geratzen naiz.
- Lokuluxkarik egiten al dun aseguratzean??
Afaldu ostean, 3 metro gehiago egin nuen tximinian gora, arrakalan ezarritako 8 aseguru puntutetatik soka pasatuz. 8 aseguru puntu ezartzea agian gehiegizkoa zen, baina ilunpetan ezarri nituenez gero, nire irudimen eskuzabalak halako gehiegizko kopurua eskatu zidan. Ondoren, komun baten tamainako erlaitzaraino narras egin nuen, bertan gaua pasatzeko asmoz.
Ahal zen guztietan, egoera ezkorrei iskin egitea nire printzipioetako bat zen eta erlaitz nimiño hartan une bakar bat ematea pentsatze hutsak barregura ematen zuen. Lerro baldarrez eratutako horma bertikaletik nabarmentzen zen eta 200 metro beherago, nere oinen artean, Yosemite Village antzeman nezaken.
Neure bizitzaren gaurik txarrena pasatzeko prest nengoen, ustekabean jakinmina ondoezari gailendu zitzaionean. "Jim-ek egoera askoz okerragoetan bibak egin izan du, ziur”. Gainera Barb eta biok Whasinton Column-en bide erdia eginda genuen zegoeneko, eta gau hartan lo gutxi egiteak aparteko garrantzirik ez zuen.
Biharramunean bidea amaitu genuen, halako hormatzarra eskalatzeaz harro. Jeisteko bideari ekin genion, balantzaka bizkar zorro zamatuen ondorioz, zibilizazioara zein txokolate beroaz apaindutako izozkietara bueltatuko gintuen bidea hain zuzen ere.
Bi egunetan zehar logaleak jota ibili ginen, Merced ibai ertzeko loreak identifikatzeko ahaleginetan, berriro bide luzeago eta zailagoei ekiteko irrika agertu bitartean.
- Eta hurrengo urtean Capitan-a - Bota nion Barb-i.
Berak, zalantza une baten ondoren, erantzun zidan:
- Cap-a Washington Column-en halako hiru dun. Zazpi egunetarako ura eta 35 kiloko petatea beharko dinagu. Gehiegizkoa iruditzen zaidan.
- Stoveleg Cracks-ak librean eskalatu beharko dizkinagu - Gehitu nuen - Beste egun parea beharko dinagu.
Barb-ek patxadaz erantzun zidan, goxo:
- Molly, hi 5.9ko zailtasuna gainditzeko gauza haiz eta ni 5.8a besterik ez. Stoveleg-ak 5.10 dira eta zama guztiarekin are zailago!
- Tira, entrenatzea besterik ez dinagu! Udaberri honetan Arch Rock eta Cookie-eko 5.9 guztiak eskalatuko dizkinagu, eta ondoren, udazkenean, 5.10a gainditzeko gauza izango gaitun!
Ezinegonak jota nengoen, Barb zalantzati agertzen zen bitartean. Hala ere, biak ala biak gero ta hobeto moldatzen ginen eta Capitana eskalatzea ez zen guztiak denbora alperrik galtzea zirudien. Oso gogoko nuen Barb-ekin eskalatzea baina are gogokoagoa nuen hormatzar haiei aurre egiteko erronka, eta udaberri amaierako 5.10a gainditzeko moduan izango nintzela ziur nengoen.
Barbk nere ezinegona somatu zuen eta azkenik zintzo hitz egin zidan:
- Hi Capitain-a eskaltzeko gauza haiz, Molly. Baina nik ez dinat inoiz lortuko.
Lur jota utzi ninduen, baina hala ere, erantzun nion:
- Tira, akaso bolada batean beste lagun batzuekin eskalatzeko beharra dinagu.
***************
- Mesedez, poltsa bat pasako? Zorabiatzen ari naun... - esan nuen.
Barb erlaitzaren beste aldean zegoen bizkar zorroan paperezko poltsak hartzeko makurtu zen.
- Honekin moldatuko haiz?
- Akituta nagon. Bi urtetik hona Capitain-a eskalatzea besterik ez dinat izan buruan, eta eskerrak ez naizela lehenago etorri... Argi zagon, iaz ez nengonan prestatuta honi ekiteko.
Barb goiz esnatu zen, enarak inguruan hegalka genituela. Granola barrak, Tang-a eta sagarra pasa zizkidan. Beti bezala, umore onez zegoen. Goizetan, Barbek umea zirudien eta baikor agertzen zen; eskalada mota honek eskatzen dituen ahaleginak eta bere gorputzaren indarra eta gogoak bat egiten zuten.
- Hiri esker Cap Tower egun bakar batean eskalatu gintuan. - Bota nuen - Ilunpean tarte itzela egin hunan!
- Eta Stolveleg-ak ia osorik librean eskalatu ditinagu.- Berak erantzun.
Stolveleg Cracks maiteak!! Azken bi urtetan eskalatutako arrakala guztiak Stolveleg-ak igotzeko entrenamendua besterik ez dira izan eta orain triste nengoen, jada gaindituta genituelako.
- Bidearen goikoaldeko 600 metroak besterik ez ditun geratzen. - Esan nuen. Bide tarte zabala prespektiban.
Eguneko lehenengo eskalada tarteari ekiteko nik jardun behar nuen sokaburu, eta desatsegina zen. 12 metrotara, ahotzarra zirudien tximinia handia goratzen zen, ni irensteko pronto. Aurrenekoz, beldur nintzen. Han ez zegoen aseguratzerik. Eroriz gero, beherago zegoen eralaitzaren kontra joko luke nere gorputzak. Ikuspegia belgurgarria zen, eta nere aiene eta intziriek Barb-i ni ordezkaatzeko erregu egiten zioten, azken batean, bera ni baino hobeto moldatzen bait zen tximinietan. Baina ez, ez zegoen denborarik horretarako. Nere katuoinak helarazi zizkidan zegoen lekutik, egoerari aurre egiteko egokiagoak. Berpiztuta, tximinian gora egin nuen, baita honen kanpoaldea osatzen zuen xaflako goiko muturreraino igotzea lortu ere. Ni “Texas Flake” gainean hankalatraban nengoen, baina harrizko bloke handi batean nabarmentzen den mikazko ezpalan eskeigitako arkakusua izan ninteken.
Egun gogaikarria suertatu zen, maiz arrakala ildo batetik bestera zeharkatu edo penduleatu egin behar izan bait genuen. Gau hartan, leher eginda, ume jaio berrien antzera lo egin genuen, gure gorputzak bailara begira jartzen zituen erlaitz makur batean.
Jim-i entzunda nion, “eskalada erligioa balitz, Kapitanaren azken 300 metroetako diedro handiek katedral ederra osatuko lukete”. Eta bat nentorren: sabai eta ildo bihurri handi haiek eskalatu ondoren, zorionekoa sentitzen nintzen, asebete. Diedro dotore bakoitzaren hondoan, hamaika saiakera idazteko moduko arrakala zoragarri bat izkutatzen zen. Nik “arrokaren maisuak” bezalakoa izan nahi nuen, arrakala bertikal eta eder haiek librean eskalatzeko hainako doainak eta astia edukitzea alegia.
Ni ahalengintzen nintzen: estriboak alboratu, ukabilak eta oinak arrakalean ezarriz, librean eskalatzen nire indarren mugetaraino. Enpotradore batean atsedena hartu ondoren, ekin egiten nion. Gustora nenbilen: dotore, indartsu, katua bezain azkar eta segurua. Sinesgaitza zen, zorionekoa sentitzen nintzen, zoriontsu.
Eta gero petatea zegoen. “Txerri” gorri handia soka luze bakoitzen igo behar zena, jumarrak erabiltzeri uko egiten dion lodikote baldarra. Hain zen pisutsua, hainbesteko esfortsua eskatzen zuen igotzeak, ezen bertan egotearen arrazoi nagusiak lausotua zirudien: guk Cap-a eskalatzean baino, “txerria” gailurreraino eramatean zetzan kontua! Guretzat eskalatzea plazerra zen, baina kezka nagusia “monstruo” haren 35 kiloko zama zen.
Laugarren eta azken egunaren eguerdian, eskalada amaitzeko zalantza sortu zitzaidan. Barb-i so egin nion: bere adats beltza eta luzea zapi hori batean bilduta zuen, aupegiaren hazpegi leunak nabarmenduz; bere eskuak, eskumuturretatik hatzamar puntetaraino bendaz estalita, urratuz eta odolez beteta zeuden. Nire lagunik onena zen zalantza barik, eta hurrengo bi urteetan elkar ikusiko ote genuen galdetzen nion neure buruari. Unibertsitatean hastekotan nintzen eta Yosemitera bi urteroko bidaiak amaitzeko zorian ziren. Zelakoa izango zen gure harremana elkarrekin eskalatu, entrenatu edota amestu gabe?? Helburu ezberdinak izanda, gure adiskidetasuna bere horretan mantenduko ote zen?? Erantzuna positiboa iruditu zitzaidan, gure bideak kontrakoak izan arren.
- Jumar-etan ondo lotuta hagoela proba ezan! - Behar izan gabe gomendioa egin nion. Nire oharpena soberan zegoen baina azken bilgunean utzi eta tontorrerantza abiatu nintzenean, sekulako bakardadea sentitu nuen. Dena primeran zihoan baina biok ezagutzen genuen mutiko haren istorioa, azken luzean soka apurtu zenekoa erorikoa izan ondoren.
Baina ez: Barb eta biok arduratsuegiak ginen, hura bezalako zoritxarrekoa gertatzeko.
Onik eta osorik amaiera eman genion abenturari, gailurrean zain genituen adizkide gosetiak asetzeko hainako janaria eta ura soberan. Lagunek bibaka egin eta “txerri gorria” jeisteko ardura hartu zuten; guk zuhaiztiko bidezidorretatik jarraitu genuen, Camp 4ko nire kanpin dendaraino, zeinaren atean honako oharra topatu nuen:
“ Zorionak, The Nose-ra emakumezkoen lehen igoera”