Leize Ikasgela Aretako Eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2017ko api. 27a, 15:47

Gauza jakina da espeleologia kobazuloak ikertzen dituen zientzia dela, baina lurpeko munduaren ezagutzak alderdi asko du, hala nola, geologia, hidrologia, paleontologia edota arkeologia. Horri gehitu behar diogu kirol teknikak baliatzen dituela esplorazioak egiteko. Diziplina anitzeko izaera horrek ematen dio espeleologiari erabilpen pedagogikorako aukera aparta. Horretaz jakitun dira Aretako herri ikastetxean, bigarren urtez Leize Ikasgela izeneko ekimena antolatu baitute berriki.

Iaz bezala, udaberriko oporren aurreko astean ospatzen den  euskararen astearen  barruan txertatu da ekimena. Aurten, gainera, astea are bereziago suertatu da Korrika-rekin bat egin duelako. Esan bezala, bigarren urtez jarraian, ipuin-kontalari, txotxongilo, lip-dub eta gainerako ekimenekin batera, kobazuloen inguruko jardunak osatu du 2017ko Aretako Eskolako Euskararen Astea.

Leize Ikasgela  ekimenak bi parte ditu eta Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko ikasleei bideratuta dago. Lehen partea ikastetxean bertan gauzatu  da, espeleologiari buruzko bideo batzuk ikusiz azalpen labur batzuen laguntzarekin.

Bigarren partean  Lezeaga harpea bisitatzean datza, bideoetan ikasitakoa bertatik bertara ikusteko aukera paregabea ematen duelako kobazulo honek. Bisita goizean zehar burutu genuen, ikastetxetik bertatik oinez abiatuta.

Txangoan zehar azalpen batzuk eman ziren, paisaiaren jatorria, kobazuloen sorrera eta mitologiaren gainean. Azkenik harpean bisita azkarra egin genuen.

Oraingo honetan ere eguraldia lagun, umeek zein helduek primeran pasatu genuen eta gurekin batera Momo, euskararen ikurra den Aretako mamua.

Honako hau aprobetxatu nahi nuke nire esker ona agertzeko Aretako eskolako irakasle eta ikasleei ekimen honetan parte hartzen aukera ematearren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide