Ziordiko ezproia Altzaniako mendigunean (Aizkorri-Aratz parke naturala) kokatutako harrizko zutoin ikusgarria da, Jentilek altxatutako Araba eta Nafarroa arteko mugarri ezin dotoreagoa. Magalean duen herri naparraren izena hartuko zuen, nonbait, eskalatzaileek erabilitako toponimoari jarraiki seguraski. Euskal Herriko eskalada biderik klasiko eta ederrenetakoa osatu zuten Javier Iguaranek eta Juan Carlos Caballerok 1973an egindako igoeran, eta Eginoko (bertako eskalada gunea) historian mugarria izango zelakoan nago, ildo zut eta erakargarri hura eskalatzeko erronka garaiko eskalatzailen jomuga garrantzitsua izango zelako, zalantza barik.
Bidea zabaltzeko eskalada artifizialeko teknikak baliatu behar izan zituzten, honako zailtasuna emanik: 200 m V/ A1. Gaur egun, eskalada artifizialeko pausuak era librean egiten dira (7a/A0) eta paraboltez ekipatuta dago. Esan bezala, nekez topatuko dugu Euskal Herri osoan hain eskalada bide estetikoagorik: luzea, zailtasun ertaina eta lerro ederra. Hori dela eta, eskalatzaile asko erakartzen duen bidea da eta asteburuetan harrizko ildotik gora igotzen diren iñurriak paisaiaren parte dira.
Arabako Lautadak eta Nafarroako Sakana eskualdeek bat egiten duten lekuaren paisaia zinez ederra da. Hegoaldera, Entzia, Urbasa eta Handia mendiguneak ; Altzaniako labarrak iparraldera : Eginoko hegiak , Larrinegiko haitzak eta azkenik , Arnaba. Bertan goratzen da, era nabarmenean egin ere, Ziordiko zutarria. Karearrizko paradisu txiki honen edertasuna soilik itzaltzen du ondoan duen harrobi asezinak. Ongizatearen paradoxa. Harrobiarekin ia ia pega-pega eginda, Arabako leize sarerik garrantzitsuenetakoa, Lezaun Ur-txulo, Egino herri arabarra urez hornitzen duena.
Duela gutxi Pyreanica aldizkarian eskalada honen inguruko argazki erreportaitxoa agertzen zen, eta argazki pare batek harritu ninduten eskeintzen zuten ikuspegiagatik. Non demontretik aterata zeuden argazki horiek, airetik??
Ziordiko ezproitik eskumaldera dauden labarrak zabalpena izaten ari dira azkenaldi honetan, izan ere, duela bizpahiru urtetik hona bide berri batzuk zabaldu dira , hiru hain zuzen. Eta hirurek ala hirurek sinadura berbera daramate, Larrinegi Haitzetako beste hainbat bidek bezala, Antxon Gorrotxategi gipuzkoarraren lan itzelaren ondorio baitira. (Eskerrik asko Antxon, opari eder guzti horiengatik! ) Hormaren ezaugarriak direla eta, bide hauek apur bat errezagoak dira, eta ezproiaren lilura ez badute ere, bere xarma badute, 200 metrotako labarra igotzeko aukera ematen dute eta. Guk , oraingo honetan, aspaldiko asmo bati ekinez, “Birra moretti” bidea eskalatu genuen (210m, V+). “Birra”- rekin disfrutatu bai baina asetu ez eta , herrian freskagarri bat hartu ondoren, Irati bidea (220m, V-) eskalatzeari ekin genion. Bide polita da oso, eta ondo-ondotik doanez, gure eskaladarekin hainako gozatua hartu genuen ezproitik gora zihoazten eskalatzaileen trebezien ikuspegiarekin. Hara, misterioa argituta: Pyrenaicako argazkien berbera zen eta! Itzela!!
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.