[IRITZIA] Ezinezkoaren bilatzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2017ko eka. 21a, 13:59

Mikel Etxeberriaren heriotza dela eta Laudion eginiko margoketa bat. / aiaraldea.eus

Astebeteko epean, bakoitzak bere neurrian, niregan eragin handia izan duten bi heriotza gertatu dira. Elkarrekin ez dute zer ikusirik, baina antzeko gogoetak sortu dizkidate eta, aldeak errespetatuz, batera ipintzean inor ez mintzea espero dut.

Hilaren 1etik 2rako gaueko ordu txikitan Euskal Espeleolaguntza sarearen bitartez Galdameseko leize batean gertatu istripuaren harira mobilizatzeko deialdia jaso nuen.

Mezua argia zen gertakizunaren larritasunaren inguruan, balizko heriotza aurreikusi baitzuen. Handik ordu gutxira, berria baieztatu zen, baita hildako espeleologoaren izena ere: José Ganbino, Burnia Espeleologia Elkarteko kidea, Aranaga leizean desobstrukzio lanetan ari zela, hilik suertatu zen sortutako luiziak zanpatuta.

Une hartatik aurrera berriak zer esan handia eman zuen hedabideetan, José-ren hilotza berreskuratzeko lanen zailatasunagatik. Igande goizez, erreskate lanak bertan behera geratu ziren, erreskate zerbitzuek hartu behar zituzten arriskuengatik. José-ren gorpua, hainbeste maite izan zituen Trianoko Mendien erraietan geratu zen betiko.

José Ganbino ezagutu ez arren, eta laguntza lanetan parte hartu ez badut ere, espeleologiarekin dudan harremana dela eta, oso hurbiletik bizi izan dut gertatutakoa, oso hurbil sentitu. Espeleologo baten galera, bere familia eta lagunen mina, laguntza lanetan ibili diren boluntarioen ekarpena...

Hunkigarria izan da gertakizun latz horrek sortutako elkartasun oldea ikustea eta sentitzea, familia eta kideen esker testigantzak entzutea... Oihartzun handia izan du berriak eta niri behintzat, nire zaletasunaren berri izanda, jende andana galdezka hurbildu zait.

Istripu larriak gertatzen diren guztietan ekidin ezina da “zentzurik gabeko jarduera” hauen inguruan jendartean gogoeta zabaltzea: “Merezi al zuen!?? Ze demontre galdu zuen hor barruan 37 urteko gazte ero horrek!?” Galdera eta epai horiek oso ohikoak izan dira, herritar arrunt eta zuzenen aldetik, mendi jardueren inguruko gertakizunetan (alpinismo eta eskaladan gehiago espeleologian baino ohikoagoak baitira istripuak ): “Zerk ematen die mendiak heriotzaren bila joateko?” “Alperrikako heriotzak dira horiek”... Aurreiritzi eta epai horien ondorioak dira, alpinista ugarik asmatutako “Alperrikakoaren konkistatzaileak” “Ezinezkoaren ahoan” edo “zazpigarren zentzumena” bezalako esaerak, herritar “normala”-ren begietara azalezina dirudienari “arrazoizko” azalpen eman nahian edo.

Zelan azaldu bestela, onura materialik ematen ez duen jarduera nekoso eta arriskuz betea grina bihurtzea? Mundua ulertzeko ikusmolde honetan, amets egiteko ahalmena, bizipoza, ilunabar bat edota elkartasun keinu bat... sari bakarrak direla? Zelan ulertarazi unean uneko gorputzak eskatu bezala bizitzearen askatasuna?

José-ren istripuaren oihartzunak eta ondorioak hausnartzen amaitu gabe nengoela, Mikel Etxebarria Iztueta “Makauen” euskal militante historiakoaren heriotzaren berriak astindu egin ninduen Trianokoa pasa eta astebetera.

José Ganbino ez bezala, Mikel hurbileko pertsona nuen eta larriki gaixorik zegoela jakinda ere, bere heriotzak sekulako hutsunea utzi dit. Tolosaldeko Berastegi herrian jatorri izanda, 60. hamarkadan soldaduskatik ihes egin zuen euskal erresistentzia armatuan buru-belarri jarduteko.

Lorratz sakona utzi duen ibilbide luzeko iraultzailea dugu Mikel eta ondorioz, hamarkadatan zehar sasia, erbestea eta kartzela ezagutu zituen. Gure eskualdearekiko lotura oso aspaldikoa zen eta bertan familia erroak zabaldu zituen.

Famili horrek era gordinean ezagutu zuen errepresioa, Mikelen ondoan egoteagatik. Kartzelatik atera zenez geroztik, Laudion bizi zen. Hori dela eta, laudioarrek Mikel ezagutzeko aukera izan dugu, baita bere bizi ibilbidea partekatzeko pribilegioa eduki ere. Mikelek bere azken hatsa emateko zorian zegoela, oso argi zuen, egindako ibilbideaz harro, alferrikako bidea ez zela izan; bizi izandakoa horren lekuko, bere herriaren askatasuna helburu.

Azkenaldian, euskal gatazkaren egoeraz eta norabideaz, kide, lagun eta ezagunekin solasean, galdera berbera agertu izan da: Honek guztiak merezi izan al du?? Zer lortu dugu, hainbesteko sufrimendu, zigor eta galera pertsonalen ondoren? Bizitza oso baten konpromiso umila eta isila laburtzen duen Mikelen irribarrean dago erantzuna.

Alpinistek, espeleologoek... idealisten eta iraultzaileen antzeko ikuspuntua dute bizitzaren inguruan. Eta bizimodu horren onurak ulertu barik, zaila da azaltzea; bizimodu horrek bizitzen laguntzen digulako. Utopia baten alde bizitza eman, alferrikakoaren bila aritzearen parekoa baita!

Galeanoren hitzak gogoan: “Eta zertarako balio izan du honek guztiak?? Ba horretarako... bizitzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide