[KOMUNITATEA] Larrañoko orkideak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2017ko eka. 29a, 22:35

Laudioko hiriguneko natura altxorrik handiena Lamuza parkea dela zalantzarik ez dago. XIX. mendeko ohitura aristokratikoei jarraiki, Urkijo markesak abiatutako zuhaitz bildumari esker herritarren aisiarako naturgune ederra eta zabala dugu. Parkearen goikaldea, Larrañoko mendi mageletik gora egin ahala, lorategi-zuhaitz bilduma hutsa izateari utzi eta baso itxura hartzen doa.

Azken hamarkadetan aldatu diren zuhaitz espeziez osatutako baso zabalaren itxura hartuko du hasieran, berezko oihanpe aberatsarekin. Oihanpe horrek Larraño mendian berez hasten den jatorrizko basoarekin du zerikusia, artadi kantauriarrarekin hain zuzen ere. Larraño mendiko berezko basoa horixe baita eta horrela baieztatzen digute bertan berez hasten diren espezieek: arteak, txorbeltzak, burbuxeak, erramuek, endalarrak, ipuruak...

Aipatutako horrek guztiak eman dio Lamuza-Larrañoko ingurumariari egundoko aberastasuna, landare aniztasun handiko eremua izanik. Aniztasun horren adierazle ere badira Larrañoko landarretan topa ditzakegun orkidea lore espezieak.

Orkidea entzutean tropikoetako oihanetan jatorria duten lore dendetako lore handi eta eder horiek burura etorriko zaizkigu gure inguruko belardi eta basoetako lore xumeak beharrean. Baina Euskal Herrian, Iberiar Penintsulan eta finean, Europan, orkidea espezie asko daude, landare familia ugarietakoa dugularik.

Orkideen loreek dute ikusgarritasun handiena baina bere izenak berriz, landarearen erroetan du jatorri, grezieraz “orchis”-ek “barrabil” esan nahi baitu eta sustraietan izaten dituzten bi koskorrei (bulboak) egiten die erreferentzia. Gure inguruetako orkideak ez dira lore dendetakoak bezain ikusgarriak, baina bai oso ederrak eta biologia oso bitxikoak.

Hori bai, tamainan askoz txikiagoak. Guztiak ala guztiak, izaki bizidunen egokitzapenaren eredu harrigarrienetakoa dira, animalia senatik hurbilago, landareen jokaeretatik baino. Ophrys generoaren adibidea ezin egokiagoa da: bere loreek polinizatu behar dituzten insektuen formak (kasu batzuetan usaina ere) hartzen dituzte!

Argazkiok, bere apalean (kamara konpaktu edota sakelekoarekin eginikoak), gure inguruko orkideen mundura hurbiltzea beste helbururik ez dute. Oharpena egiten dut, orkideen argazkigintza zale asko dituen arte bat delako. Eskualdean badaude argazkilari fin batzuk horretan dihardutenak. Esaterako, Inako Villamor laudioarraren lana azpimagarria da eta bere blogean du ikusgai.

Eskerrik beroenak lehenengo urrats hauek emateko akuilu lana egin dutenei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide