Maiz egunekotasunak eskaintzen digun deskubrimendu txundigarria izan zen eta paper hura panel hartan zintzilik urteetan zehar mantentzearen arduraduna mirestu nuen. Nolabait ekintzari segida eman nahian edo, euskarara ekarri eta moldatzea otu zitzaidan (hara ausarkeria), bide batez eta izenburuak dioen moduan, Manolo “El Betis”-en gorazarretan. Egun, fotokopia paperak leku berean jarraitzen du.
OHAR ARGIGARRIAK:
MANUEL GONZALEZ “EL BETIS”: Andaluziar jatorriko laudioar militante komunista. Bere bizitzan hainbat alditan errepresio faxistaren jomuga izan zen, txikitatik zendu zen arte. Egungo Laudioko mikologia elkartearen ernamuina izan zen Laudioko Natura Zientzien Tailerraren kide esanguratsua.
EGIN egunkaria 1998an Espainiako estatuak zentsuratu eta itxi zuen. “Araban zehar” izeneko atala zeukan, non besteak beste, aiaraldeko berriak agertzen ziren.
Juanjo Basterra, Gara egunkariko kazetaria, Egin-eko “Araban zehar” atalak eskualderako izan zuen berriemailetakoa izan zen.
PIO XII: Laudioko Batzalarrin kaleko adiera zaharra.
Testua
Kaixo Getozka!, Errotako Santiren ortutik alde egin duzu eta Pío XII-ko zeharbidearen eskailera azpian ezkutatuz, zu jasotzea ekindin didazu!.
Zaude lasai, ez dizut ezer egingo eta!!! Badira 6 urte Santiren baratzean zu batzen hasi nintzela. Oraintxe Egin-eko Juanjo deitzera noa, zuri argazki egin eta egunkarian argitaratzeko. Bide batez, zutaz zerbait kontatzeko aprobetxatuko dugu, zure historia nirea ere badelako.
Gogoan duzu Gerra zibilaren garaietan, 1936. urtearen inguruan, Sevillako Mairena herritik gizon askok ihes egin behar izan zutenekoa? Zuri esker elikatu ahal izan ginen: entsaladan, egosita, garbantzuei laguntzeko...goxo-goxo!!! Lehen eta orain, goxo eta lerden, neska gazte baten edertasuna duzu eta. Baina zuk ahitu baino, indartu egiten gaituzu, landare guztiak ez baitzarete berdinak.
Baina ez atsekabetu nire kontu hauek entzutean, Egin-en zure argazkia ikusi eta Pio XII-ko zure txokoa ezagutu orduan, jendea bisitan etorriko zaizu, zure izenaz galdezka. Eta zuk erantzungo diezu: “Getozka da nire izena; baita Ketozki ere. Gazteleraz, aldiz, Verdolaga esaten didate”.
Hainbat dohain sendagarrien jabe zara, nabarmenenak hauek direla: maskuria eta gernu- bideen hazkurarako, baita sukarrerako, bizkarroiei aurre egiteko, bronkitis, zistitis eta kirioei aurre egiteko ere.
Bizitzarako garrantzitsuak diren gaietan aberatsa zara, B eta C bitaminetan esaterako, baita muzilagoan ere.
Hala ere, baserritarrek ez zaituzte oso begiko, baratzetan baimen barik hazten zarelako eta ortuariei kalte egiten omen diezulako. Horregatik, ez zara Santiren laguna eta ortuan ikustean haserre bizian ipintzen da.
Gero arte ba! Elkar ikusiko dugu eta!
Sinatuta... 1988ko uztailan