Amurrio Antzokia txiki geratu zen Los últimos pastores de Sierra Sálvada dokumentalaren estreinaldirako. Sekulako ikusmina sortu zuen J.L. Urrutiak zuzendutako lanak eta egun batzuk lehenago sarrerak agortuta zeuden.
Hasi aurreko uneetan, Amurrioko Antzokiak ezohiko itxura zuen, mukuru beterik agertzean. Dokumentalaren egile, laguntzaile, sustatzaile eta Gorobel mendizerrari lotutako eragileen artean, artzainak (gazte zein zahar) eta euren familiak nabarmentzen ziren antzokiko giro hunkigarrian. Aurkezpen txiki batek dokumentalaren ikustaldiari bidea eman zion.
Filmak Gorobelgo artzaintzaren nondik norakoak jasotzen ditu, bertan urte askotan artzain ibilitakoen eskarmentua gidari duela. Artzainen bizimodu gogorra, emakumeen ekarpena, otsoa eta artzaintzaren etorkizuna dira jorratzen diren gaietako batzuk, elkarrizketa zoli bezain umoretsuz eta dron-irudi ikusgarriz ederki harilkatua.
Ondoren, hainbat protagonistaren parte hartzearekin hizketaldia egin zen eta, jardunaldiari amaiera emateko, omenaldi beroa eskaini zieten ekitaldiaren sustatzaileek artzainei zein familiei.
Dokumentala erakusteko saio gehiago iragarri dituzte antolatzaileek, sortutako ikusmina aurreikusita baino handiagoa izanik, jende asko sartu ezinean geratu baitzen.