Urtebete pasa da Lamuza-Arrañoko landare aniztasunari erreparatzen hasi genionetik, horretan orkidea espezieen aberastasuna nabarmentzen zelarik. Aberastasun haren berri ematen hasteko Arrañoko orkideen argazki bilduma xumea argitaratzea izan zen lehen urratsa, Aiaraldea Gaur agerkari digitalaren laguntzarekin.
Esan bezala, urtebete beranduago gure txokoko orkideekin txundituta jarraitzen dugu, ikasten jarraitzen dugu alegia: espezie gehiago agertu dira, batzuk oso bereziak, eta ziur gehiago agertuko direla. Hortik, argazki bilduma hura berriztearen beharra eta, blogaren hedapena aprobetxatuz, basa orkideen edertasunaren berri ematen jarraitzea. Aurrekoan bezala, argi gera dadila, ekarpen hau gure inguruko orkideen mundura hurbiltze hutsa besterik ez dela, izaera zientifiko gabekoa, eta hortaz, zer aldatu eta hobetu izango duena.
Ba bai, oraindik orain jendeak galdetzen jarraitzen duelako: Orkideak?? Ez al dira tropikoko oihanetan jatorria duten loredendetako (IKEA-koak oso modan ipini dira) lore ikusgarri horiek? Bai eta ez; zeren gure inguruetan berez hasten dira hamanarka orkidea espezie, tropikoetakoak bezain ikusgarriak (normalean tamainan txikiagoak). Orkideazeoak landare familia handienetakoa dugu, Europan oso zabaldua.
Biologia bitxiko landareak dira, izaki bizidunen eboluzio eta adaptazio bizkorraren eredu harrigarria, polinizazioa errezteko loreek hartzen dituzten estrategiak direla eta.
Orkidea hitza grezierako orchis-tik dator, eta barrabila esan nahi du, sustraietan izaten dituzten koxkorrei (bi normalean) errenferentzia eginez.
Lore bakoitzetik milaka hazi sortzen dira baina bakan batzuk besterik ez dute aurrera egingo, erneketa gauzatu ahal izateko onddo batekin elkartu behar direlako.
Arraño-Lamuzan 7 orkidea genero aurkitu ditugu orain arte (ezaugarri komunak dituzten espezie taldea da generoa), 16 espezie barnebilduz. Gure orkideen mundua ezagutzen haste aldera, 7 genero horietan, hiru azpimarkatzeko modukoak dira. Horretarako, aroa kontutan hartuko beharko dugu, martxotik ekainera orokorrean.
Ophrys generoak esaterako, inguruotako orkidearik esanguratsuenak barnebilduz, polinizatu behar dituzten insektuen forma ikusgarriak hartzen ditu, erlaztarrak kasu honetan. “Sexu ziria” ala “sasikopula”-ren bitartez bilatzen da polinizazioa: labeloak (lorearen ezpain nabarmena) erlaztar emeen ezaugarriak (itxura, forma eta usaina) imitatuz arrei ziria sartzen saiatzen da lorea. Arrak ninfetatik irteten lehenak dira eta gogotsu ekiten diote gezurrezko emeekin kopulatzeari. Arrañon, espezie hauek topatu ditugu: O. tenthredinifera, O. apifera, O. scolopax, O. sphegodes eta O. lutea, zein baino ikusgarriago.
Beste genero nabarmena Orchis-ena da, labelo antropomorfodun orkideak biltzen dituena, gizaki formako ezpaina harrigarriro osatzen duten loreak alegia. Gure inguruan espezie hauek topatu ditugu: O. mascula, O.purpurea, O. anthropophora (Aceras anthropophorum) eta O. italica, azken hau salbuespenzko kokapena eskeiniz.
Azkenik, Serapias-en taldea aipagarria da, oso ugaria baita. Sexu erritoekin lotuta dagoen Serapis jainko egiptoarrean jatorria omen du izenak eta orkideen balizko dohain afrodisiakoei erantzungo lieke forma erotikoa duen eta "iseka" egiten digun loreak. Bestetik, lore honek insektuak erakartzeko garatu duen abilidadetako bat azpimarkatzeko modukoa da: kanpoko giroaren eta lore barrukoaren arteko tenperatura aldea 3º C-takoa izan ohi da, intsektu batzuek gaua pasatzeko aprobetxatzen dutena. Hiru serapia mota errez ikusiko ditugu Arrañoko larretan: S. cordiguera, S. parviflora eta S. lingua.