Urte hartako herriko jaiak ziren. Aurreko urtekoen zorigaiztozko amaierak (uholdeak) utzitako zapore garratza gainditzeko beharra zuen herriak. Txosnagunea Lamuza plaza zaharrean. Amnistiaren aldeko batzordeenaren ondoan, “txosna tropikala”. Punk-rock eta mugimendu alternatiboaren inguruko gazte taldea batu zen jaietan ekarpena egiteko asmoarekin. Txosna zabaltzearekin batera, kontzertu gogoangarria antolatu zuten Lamuza frontoian, Cicatriz, Eskorburto, RIP eta La Polla bezalako euskal punkaren kondairen parte hartzearekin. AEK-ren “Euskal Tokia”-n egin ziren antolaketa asanbladak. Garai hartan batere ohikoa ez zen jaialdiak zeresan handia sortu zuen, jende andana erakarri (“itxura susmagarri eta ez-zuzeneko jendillajea” ) eta herriko hauts atzerakoiak harrotuz. Jo zuten taldeen artean tirabiraren bat ere egon omen zen, instrumenturen bat lapurtu edo… Ezer larririk ez, garaiko erritualen eta desfaseen ondorioak baino ez. Ezin ukatu kontzertuak erabateko arrakasta izan zuela.
Mugimendu alternatiboaren aitzindariak izan ziren ekimen horiek, mugimendu hori eztanda egitear zen unean hain zuzen ere. Baldintza sozial eta politikoak emanda zeuden: Frankoren zerraldoari kiratsa zerion oraindik, egitura faxistek diseinatu eta zelatatutako sasidemokrazia irentsarazten ari ziren bitartean; “Reconversion industrialak" gure herriko lantegirik handienaren itxiera ekarri zuen; urtero ehunka gazte bahitzen zuen derrigorrezko soldaduskaren aurkako ahotsak entzuten hasiak ziren; eskualdeko gazteak urteetarako giltzapetuta urruneko kartzeletan; Araba Euskaraz lehenbizikoz Aiaraldean; komunikabide herrikoien zabalpena; Okupazio Mugimenduaren hastapenak… Herri Mugimenduaren aparteko mobilizazio eta antolakuntza urteak izan ziren haiek. Laudio, Euskal Herri osoan ematen ari zen egoeraren paradigma bat gehiago baino ez zen.
Osagai hauekin guztiekin, Erresuma Batutik zetorren punk mugimenduak baldintza guztiak zituen Euskal Herrian errotzeko. Han bezala (distantziak distantzia), hemen ere punkak bi bide hartu zituela esan liteke. Musika gogorra (hard rockaren bilakaera), salaketa soziala eta estetika probokatzailea izatera mugatzen ziren taldeak zeuden alde batetik; hitz eta estetikatik harago zihoan jarrera politiko eta konprometitua zuten taldeak eta mugimenduak bestetik. Elkarren arteko tirabirak ohikoak izan ziren, gustu berdineko bizitza ulertzeko modu ezberdinak ziren heinean, batzuen jokaerak besteena agerian uzten zuen neurrian.
Urte haietan, Laudio, Euskal Herria, bor-borrean zegoen eltze handia zen, gainezka eginez gero “trantsizioaren izpiritua” zelakoa arriskuan ipini lezakeena. Eta hori estatuak ezin zuen onartu: langabezia, polizia jazarpena, inkontrolatuak, gerra zikina, ZEN plana, heroina... Heroina bai, ehunka gazte aurretik eraman zuen gerra kimikorako gaia; kontzertu hartan parte hartu zuten musikari gehienen (“lapurrak” zein “borrokak” ) heriotza eragin zuen berbera hain zuzen ere.