IRITZIA

Senide nagusiei gorazarrez, bihotzetik

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2020ko eka. 30a, 06:00

Blanka Antepara, euskal preso politikoen gurasoen borrokaren ikur. / Zuialde.wordpress.com

Pandemiak astindu ederra eman die gure bizimoduei baina baita gure kontzientziei ere. Anabasa horretan, bisuraregandik momentuz libratu garen herritarron artean, sentimendu asko azaleratu zaizkigu eta bat azpimarratzearren fustrazioarena hautatuko nuke. 

Egoera pertsonaletatik harago eta gure herriak bake bidean eman beharreko pausuei begira,  presoak etxeratzearen gaia da  fustrazio handienetakoa sortzen diguna. Jendarteak,  eragile sozialek, klase politikoak...  bereak eta bi  egin ostean, presoak etxean ez egoteak sortzen duen fustratzio latz eta sakon  hori. Sentimendu hau modurik gordin eta krudelenean nozitzen dute presoen senideek. 

Senide nagusienek modu berezian, seme-alabak bizirik berriro ez ikustearen fustrazioa; eta baita presoena ere, gurasoak bizirik berriro ez ikustearen fustrazioa. Heriotzak bakarrik arin dezakeen fustrazio mingarria.

Uztailaren 1ean 30 urte beteko dira Pili Arzuaga eta Fontso Isasi, garai hartan Ourenseko kartzelan preso zeukaten Maribi Ramila euskal preso politikoaren ama eta laguna hurrenez hurren, auto istripuz hil zirela, bera bisitatzera zihoazela. 

Pili zen bisita egitekoa, Fontso gidari eta laguntzaile zihoan bitartean, garai hartan euskal presoek lagunen bisitak debekatuta zituzten eta. Maribi ikusteko mutil lagun paperak egitea zen aukera bakarra eta halaxe egin nuen  nik, hilero  bisitan  joaten nintzaiola, Carabanchelera hasieran, Ourensera dispertsatua izan ostean. 

Uda hartan baina Maribirekiko hitzorduei kale egin nien, ekainaren erdialdetik abuzturarte, bi hilabetez Perura joan nintzelako. Gogoan dut Peruko bidaia amaitzear zegoela eta Liman hegazkina hartzekotan ginela, gazteiztar birekin topo egin eta Euskal Herri aldetik zer berri ote zegoen galdetu genien internet gabeko garai harietan. 

Irunberriko segadaz hitz egin ziguten...  berri latzak edonola ere. Horrela heldu nintzen nire herrira eta  Peruko mendi altuek eragindako mozkorralditik herriko jaietako parrandetara pasa nintzen, aklimatatu barik. Mendizaleak geurokoiak izan ohi gara eta sarritan gure mundua ez doa igo nahi dugun hurrengo menditik harago. 

Parranda erdian geundela, lagun batek emandako  zaplaztekoak errealitatera itzuliarazi ninduen: “Baina ez al dakizu ala, Pili eta Fontso uztaila hasieran istripuz hil zirela?”. Zaplasteko haren minak oraindik dirau niregan.

Iñakiren ama eri eta zahartsu zegoen gajoa. 20 urte lehenago bere kidea hil zuen poliziak berak etxera eraman izan du ama bisitatzera baten edo bitan, epaileak hala aginduta eta preso zeukaten Aragoiko espetxetik. Ama azkenekotan zegoela ikusi ahal zuen azkenekoz Iñakik. 

Horrela kontatu zigun berarekin lokutorioan egon ginenean, 2018ko irailean, amaren osasunaz galdetzean,  lasai nolabait, ama agurtzeko aukera izan zuelako. Aragoitik itzuli eta biharamunean, egunkariak berri latza eta sinestezina eman zigun, Iñaki-ren amaren eskela ikustean. Izan ere, sinesteko zaila eta oso gogorra  gertatzen zitzaigun, 24 ordu lehenago Iñarekin bere amaz berbetan egon izana, berak hilda zegoela jakin gabe. 

2018ko urriko zubian,  espainiarrek  ospatzera derrigortzen diguten jaiaren atarian, furgoneta hartu eta mendi aldera joateko prest geunden. Azken orduko berri latz batek baina, planak aldarazi dizkigu.  Txata hil da. Jota zebilen azkenaldian, hainbat alditan ospitalera,  arnasa hartzeko makinari pega-pega eginda... baina ezin espero energiaz betetako gorputz txiki harenak egitea. 

Sasian eman zituen hainbat urte Txatak eta berarekin batera, emaztea eta seme-alabek. Ondoren gartzelaldia etorri zitzaien. Berea aurrenekoz, semearena ondoren; bat, bi eta hirugarrenez, harik eta Madrilen hil zorian tirokatua atxilotu zuten arte. Hamazortzi urte betezen du aurten Gotzonek, semeak, kartzelan. Aita, beti  ondoan, 700 kilometrora dagoen espetxe ondoko ospitalean amaitu behar bazuen ere. Baina semea ezin bakarrik utzi. Gotzonekin eman genuen hurrengo bisita inoizko bereziena izan zen. Malkoek bete zuten bisita gela, hitzak harilkatu ezinik, kristalak zipriztintzeraino.

Lukia, azeria da bizkaieraz. Ez dakit nondik etorriko zitzaion ezezina, nik bestelako dohainak antzematen nizkion eta. Indarra, eskuzabaltasuna eta umiltasuna nabarmenduko nituzke, bizitza osoa borrokan emandako bikote honen izaeran. Ximona eta Luki. 

Gogoan dut beraiekin egindako  paseoan, semeak Guardia zibilaren kontrol batetik ihes egin zueneko lekura eraman gintuztela eta egun haietan pasatutakoa kontatu ziguten. Uff! 3 urte izango dira semearekin bisita izandako batean, egoera politikoaz eta presoen balizko kaleratzeaz ari ginela, bere kezkak agertzen  zizkigula oso era gordinean, gurasoak berriro bizirik  ote ikusiko. Handik ez askora, Lukik makalaldia izan zuen  eta harrez geroztik ez zen berbera izan.  

Azken asteetan nagusien egoitzan egon zen, burua galduta, bere kutunaren uneoroko zaintzapean. Harik eta poliziak ekarritako semea agurtu ostean, azken hatsa eman zuen arte, 2019ko uztailak 8 zituenean. Gogor egin Ximona!

2020ko maiatzak  29. Mirenen deia argigarria izan zen: Toni badoa. Tira, bagenekien “xomorroa” bere lana egiten ari zela, espero ahal genuela baina latza da entzutea. Hurrengo egunetan, Marta joango zaie bisitan etxera, egoeraren jabe egin eta, ahal den neurrian, mimo batzuk eman biei. Makal samar ikusi arren, lortzen du irribarre bat ateratzea Toniri. Tigre!! Eta Patxi?? Antza, abokatuak  trasladoa eskatu du dagoeneko, baina koronabirusak utzitako egoerak zailtzen du tramitazioa. Itxoitea besterik ez dago. 

Bigarren bisitarako hitzordua lotuta uzten du Martak, posiblea dugunean, biok joango gatzaizkie, ea Miren etxetik ateratzea lortzen dugun, bestea Toni-rekin geratzen den bitartean. Hiru aste horietan, aitzakia ezberdinak ipini izan dizkiot Martari Toni bisitatzea proposatu izan didan guztietan. Berari aitortu ez arren, beldur naiz. 
Azkenean, Patxi Zaballara ekarri dute eta aita ikustera eraman du poliziak. Ekainaren 18an, Uribe-kostara hurbildu gara. Inpresionatu nau Toni ikusteak, egia esanda ez dauka aupegi txarra baina oso makal dago, uzkurtuta sofa gainean,  arnas estuka.  Emozionatu da gu ikustean. Hitz egiteko ere ez da gai. Txantxa batzuk egin dizkiogu, bizarra egin barik duela eta. 

Mirenek  bizarra egiteko makina atera eta nik eduki dut Toniri bizarra egiteko ohorea. Guapo!  Onik egin omen dio, arnasa baretu eta lo seko geratu da. Biharamunean, Mirenen deia atzera be: Toni hil da. Miren, Patxi muxu handi bana!

Horra,  egoera kolektibo baten isla diren bizipen intimo batzuk, errespetu handienaz partekatuta, bizi dugun errealitate  etsigarria  irauli beharrean. Maite zaituztegu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide