Gure eskualdeko zenbait lekutan eskalada praktikatzeko aukera egon arren (Gorobelen, Itxinan...), Areta eta Laudio artean kokatuta dagoen kareharrizko horma txiki eta diskretu honek aukera ematen du kirol honetan modu eroso eta seguruan jarduteko.
Laudioko zein inguruetakoko mendizale asko trebatu izan dira Bitorikako plaka etzanetan, helburu handiago eta urrunagoetara jo baino lehen. Entrenamendurako ere oso leku egokia da, rokodromo natural baten modukoa baita, bere hurbiltasunagatik eta eskaintzen duen eskalada motarengatik: helduleku gutxiko eta guztiz bertikala ez den horma batean gora doaz eskalada bideak, itsaskortasun teknika garatzeko ezin hobeak. Ondorioz, gehienak zailtasun baxu eta ertaineko bideak badira ere, ez da eskalada erraza kanteran topatuko duguna. Ezaugarri horiek guztiek xarma berezia ematen diote txoko xume honi, bat baino gehiago ustekabean harrapatuko dituena.
Historia apur bat
Dakigunez, 1974. urtean erabili ziren lehenbizikoz eskalada teknikak Bitorikan, ez kirol helburuarekin, baizik eta herriguneko leku estrategikoan dagoela aprobetxatuz, oraindik debekatuta zegoen ikurriña horman margotzeko.
1980. hamarkadaren hasieran eskalada praktikatzen hasi zela esan daiteke, Goikogane Mendi Taldearen inguruan zebiltzan gazteen eskutik. Hasieran soka barik edota material eskasarekin, liburuetan ikusitakoa praktikara eramaten saiatzen ziren gazte grinatsuak.
1984. urtean kokatzen da lehenengo eskalada bideen egokitzea, hau da, segurtasun ainguratzeak erabili, rappelak egiteko hornikuntza... Goikoganeko gazte kementsu horiei Joseba Albizua gehitu zitzaien, Amurrioko Gurutze Gorriko erreskate taldeko kidea, eta erreskaterako teknikak lantzeko asmoz, zenbait bide egokitu zituzten 1984-85. urteetan. Gazte horien artean zeunden, Bidaurrazaga, F. Mugurutza, J. Hidalgo, T. Mugurutza eta enparauak, Bitorikan ikasitakoa Euskal Herriko eta munduko mendietan lagun izango zutena. Eurek piztu zuten eskaladaren txinparta Laudioko mendizale ipurterreenen artean.
Lekukoa Abel Arroyok hartuko zien eta, 1986-87-88. urteetan, 6 bide zabaldu zituen, bakarka gehienak eta hainbat teknika uztartuz. Arroyoren ekinak jende berria erakarri zuen, eta urte horietan hanbait bide zabaldu ziren Goikogane Mendi Taldetik zetozen Sabino, Egia eta beste batzuen eskutik, Bitorikan 5. gradutik gorako zailtasunak aurreneko aldiz proposatuz.
Bide gehienak zailtasun baxu edo ertainekoak diren arren, kanteran egiten dena ez da eskalada erraza
Laudioko skuatean sortutako Txustarra mendi kolektiboak eskalada ikastaroa antolatu zuen 1991. urtean, eta aurreneko praktikak Kanteran gauzatu zituen. Picu Urrielluko gaina jotzea lortu zuten ikastaro honetan parte hartu zuten gehienek; hainbat neska egon ziren horien artean. Kolektibo honen partaideak izan ziren Jose Angel Hilera "Pi" eta Alfredo Hernandez, arroka eskaladan ibilbide oparoa egingo zuten eskalatzaileak.
1990. hamarkadaren erdialdean, Bitorikako eskalda eskola betiko markatuko zuen eskuhartzea gertatu zen. Bizkaiko Goi Mendi Eskolako Miguel izeneko eskalatzaileak, diru iturria bilatu eta Kanterako bide guztiak berregokitzeari ekin zion, daratuluz sartutako kankamo kimikoak (segurtasun ainguraketak) erabilita; ez zen horretara bakarrik mugatu, bide berri sorta handia zabaldu baitzuen. Ekimenak askotariko iritziak sortu zituen bertako eskalatzaileen artean.
Batzuek ondo ikusi zuten Miguelen lana, eskalada eskolaren segurtasuna hobetu eta modernizatu zuelako. Beste batzuek, kontrara, hormaren aukera gehienak agortzea leporatu zioten, tokiko ekimenari bidea itxiz. Hainbatek ez zuten begi onez ikusi kanpotar batek jatorrizko bideak ezabatzen zituzten marra zuzen eta logikarik gabeak zabaltzea daratulu motordunaren laguntzaz (kanteran ikusi gabeko tramankulua). Argi dagoena da, eskaltzaile honen lanari esker, gunearen segurtasuna egokia izan dela ia 3 hamarkadetan zehar, eta horrek lagundu du eskalada eskola bezala mantentzen. Izan ere, geroztik, norbanakoen ekarpen bakanen bat sabuetsita, ez da antzerako esku hartzerik egin.
Bitartean, azken hilabeteetan pandemiak sortutako mugikortasun eragozpenak aprobetxatuta, Laudioko eskalatzaile beterano talde bat buru-belarri dabil segurtasun sarea ikuskatu eta zaharberritzen, eskalada bideen kokapena eta zailtasuna eguneratuz.
1974. urtean erabili ziren eskalada teknikak lehenbiziko aldiz horman, garai hartan oraindik debekatuta zegoen ikurriña marrazteko
Aldarrikapenerako lekua
Bitorikako harrobia leku estrategikoan dago, Aretatik etorrita Laudioko herrigunea hegoalderuntz zabaltzen hasten den lekuan, hain zuzen ere. Horrek herriari begirako balkoi izaera ematen dio, eta maiz hainbat aldarrikapen zabaltzeko erabilia izan da. Franco diktadorea hil baino urtebete lehenago margortutako ikurrinarena izan zen aurreneko ekimena. Aparteko istorioa merezi duen ekintza honek oihartzun zabala izan zuen, eta egileen identitatearen inguruan sortutako esamesak ez dira agortu urteen poderioz. Ekimenaren ikusgarritasuna aprobetxatuta, handik bi urtera, Movimiento Comunistako militanteek euren ikurra margotuko zuten.
Kantera margotzea tradizio bihurtu zen nonbait, eta 1990. hamarkadan amnistiaren aldeko margoteka ikusgarria egin zen, baita LAB sindikatuarena ere. Margoketek eztabaida sortzen zuten eskalatzaileen artean. Batzuek ekintzeen prestaketetan parte hartzen zuten eta beste batzuek kritikatu egiten zituzten, eskalada gunea kaltetzen zelako.
Margoketez gain, aldiro, pankarta erraldoiak eskegitzeko erabilia izan da pareta, egileek, gehienetan, bertan utzi izanaren alde txarrarekin, zabor pilaketa handiak sortzen direlako.
Aldarrikapenei dagokienean, azken kapitulua Ertzaintzaren talde batek gauzatutakoa izan zen. Hogei urte baino gehiago zeraman amnistiaren aldeko margoketa ezabatzeko operatiboa egin zuen polizia autonomikoak, eta margoketa zentsuratzeaz gainera, hainbat segurtasun azpiegitura kaltetuta utzi zituzten nahita, eskalatzaileen integritate fisikoa bermatzen zuten ainguraketa sistemari eraso eginda.
1990. hamarkadaren erdialdean berregokitu ziren kanterako bide guztiak
Herriko txoko kuttuna
Alpitxu mendiko magalean kokatuta dago Bitorikako Kantera, Areta-Laudio errepide nagusiaren alboan. Herriko lantegi nagusiez (Guardian eta Vidrala), harrobi zaharraz eta argindar dorrez ingururatuta egon arren, xarma handiko txokoa dugu. Herrigunera eta inguruko mendigune nagusietara (Gorbeia, Arrola eta Gorobel) begirako balkoia da harrobiko tontorra, ikuspegi kutun bezain ederra eskeitzen duena. Azken urteetan herriko gazteek lekuaren izaera hurbila eta bakartia aprobetxatuz, txoko diskretu gisara erabiltzen dute. Paisaiaz gain, garrantzizko naturgunea dugu, artadi kantauriarraren orban nimiño baina esanguratsua dagoelako bertan, Laudioko lurraldeko berezko landaretza duen tokiko basoa, peto-petoa.
Bidezkoa litzateke erakunde publikoei eskatzea ezaugarri horiez guztiez eta aisialdirako dituen aukerez jabetzeko. Hau izan daiteke bidea: plana abiatzea ingurunea egokitzeko jarduerak arautzeko eta jasaten dituen kalteak leuntzeko (zaborrak, kontrolatu gabeko abeltzaintza...). Horrela, Laudioko eta eskualdeko naturgune bezala duen balioa nabarmenduko litzateke.