Joan berri zaigun Patxi Arzuagarekin ez dut horrelakorik egingo, batetik kristaua ez naizelako, bestetik Patxi ere gehiegi ezagutzen ez nuelako. Baina gure arteko harremana aintzat hartuta, Patxiren heriotzak sortu didan hutsuneak modu ekidinezinean berari lotutako beste hutsune, beste ausentzia batzuk ekarri dizkit akordura, Aretarekin ere, bere herriarekin, lotutakoak hain zuzen ere.
Aretan izan baitzen nire lehen hartu-eman zuzena berarekin, laguntza eskatu genioneko hartan. Bi hamarkada luze dira Bego Resa eta Pedro Beloki aretarrak gogoratzeko eguna antolatu genuela, errepresaliatu politikoen senide bezala agertutako duintasuna gogoan. Eguraldi makurreko eguna suertatu zen, goizerako Santa Ana parkean aurreikusitako ekitaldia moldatu behar izan genuen eta sekulako eurijasa batean azpian Bego eta Pedro gogorarazteko zuhaitza arrapaladan landatzearekin konformatu behar izan ginen.
Giro umelarekin ahazteko aukera izan genuen aldiz, kultur etxean Patxik prestatutako paella gozoari zein aretoa bete zuen jendearen artean sortutako giro epelari esker.
Patxiren heriotzaren berri izan eta inpultso bizia sortu zait, eskolara joan eta Garaitz bilatu, Patxi hil berri dela esateko. Baina Garaitz ez dago eskolan. Laster 3 urte izango dira Garaitz Artetxe Areta eskolako maistra zena bat-bateko eritasun gaizto batek eraman zuela.
Arzuaga Gumuzio familiaren azken belaunaldiarekin izandako harremanagatik dakit jakin, Garaitzek kariño berezia ziola familia honi. Hortik, Patxiren joanak Garaitzena akordura ekartzearena.
Imajina dezagun bizitza basoan iblitzea bezala dela eta ibilibidea (bizitzea) zuhaitz lerdenek erakusten digutela, Bego, Pedro, Garaitz eta Patxi bezalako ale eder horiek besteak beste. Besarkada beroa familia osoarentzat, Pilirentzat bereziki.