Aiaraldea.eus hedabidearen bitartez deialdiaren berri izan dut. Pisizifaktoria antzerkia taldeak saio irekia antolatu du eskualderako propio landutako antzezlana dokumentatze aldera. “Goroldiorik ez” izeneko antzerki pieza ibiltariaren tokiko bertsioa prestatzen ari dira, hau da, bertako emakume esanguratsuen biografiak gidari, natura txango dramatizatu bat proposatuko dute.
Saio irekia-tailerraren bitartez, herritarren ekarpenak entzun nahi dituzte, sortze prozesua partekatuz. Taldearen lana eta ekimena gogokoak izan arren, ez dut parte hartzeko asmorik, besteak beste, halako zerrendatze publikoa egitea ariketa arriskutsua iruditzen zaidalako.
Azkenaldian joera handia dago halakoak egiteko, emakume esanguratsuen zerrendak eta inkestak egiteko: zientzilariak, maistrak, politikariak… emakume ikasiak orokorrean… inoiz ez dut ikusi analfabetorik, etxeko andererik, neskame, kriadurik, lan prekariotako zein bazterreko emakume, urdangarik… halako zerrendetan.
Ondo legoke ariketa, beharrezkoa, baina zintzoagoa zerrenda horietan emakume arrunt eta lanbide xumekoak txertatuko bagenitu edota bestelako zerrendak egingo bagenitu, periferiako, arrabaletako, sasiko, migrazioen emakume izengabeen ekarpenak gogoan. Horrexegatik, tailerraren berri izateak galdera kontraesankorra sorarazi dit neure baitarako ariketa arriskutsuan barna eraman nauena. Eta galderaren erantzunaren bila, kuraia handia sorarazi didaten emakumeen gomutetan murgildu naiz.
Akaso urtebete izango da Jon-en ama, Tere, hil zela. Heriotzaren zirkunstantziak (adina, gaixotasuna...) eta galeraren mina gorabehera, berriak zer pentsa eman zidan. “Joe, emakume talde berezi baten harribitxiak joaten ari zaizkigu apurka apurka eta ahanzturan”. Lehenengoa Amelia, Txopi-rena, izan zen; gero, Mariajesus, Txominena.
Hiru hauek aipatzen ditut hurbiltasunagatik, talde eta sentimendu kolektibo baten ordezkari duinak direlakoan egon arren. Hirurak ala hirurak intsumituen amak. Insumisioaren aldeko mugimenduak gure herriko historian merezi duen lekua ez duelakoan tematuta nago aspaldian. Azken 5 hamarkadetako mugimendu soziopolikorik eraginkorrenetakoa izan zelako nire ustetan, harrotu egiten zaituen gertakari historikoa, gutxik bezala gure jendarteari duintasuna ekarri ziona. Euskal Herriko plaza guztietan gazte haien ekarpena gogorarazteko oroitarria egon beharko zen, munduko bakearen aldeko hartu zuten konpromezua ezin delako ahazturaren tiraderan geratu. Jendarte hobeago baterako itsas argia direlako intsumisoak eta euren familiak.
Are gehiago, bizi dugun testuinguru militarista eta segurokratan. Intsumituen amak modu berezian, maitasun politikoko ariketa erraldoia eginik, amatasunaren eredua izan zirelako. Horrexegatik, 30 urte beteko diren honetan eta tartean ziren ama hauek gogoan, oraindik orain mingarriak suertatzen dira Xabier Arzalluz PNVko presidentea zenak botatakoa, Laudioko Skuat-aren kaleratze salatzeko mobilizazioen karira, etxe okupatuko gazteak “alkohol eta drogen” seme-alabak zirela esan zuenean.
Karima du izena eta Rif-eko mendietan jatorria badu ere, bizitza osoa darama herrian. Hemengoa da alegia. Seme-alabak, euskaldun peto-petoak. Etxe pribatuak garbitzen osatzen du asteburuetan kaleak garbitzen eskuratzen duen soldata erdipurdikoa. Parrandan ibili direnen zikinkeriak batzen jaienegunen goizak lanean ematen dituzten langileek betidanik miresmena sortu didate. Are gehiago, emakumea izanda. Are gehiago emakume bereberea izanda.
Denik lanik desatseginetakoa delakoan nagoelako: ezohiko zabor piloa, gaupaseroekin tirabirak, okadak, txizadak… Gobernuz Kanpoko Erakunde baten egoitzan ezagutu nuen, bertako garbiketa ere egiten baitzuen. Pertsona hurbila eta hitz errazekoa izanda, aukera izan nuen apur bat ezagutzeko. Emakume indartsu eta kemen berezikoa iruditu zitzaidan.
Behin bere asteburuko lanaz galdetu nion, urte batzuk baizeramatzan ordutegi makurrean. Ea zergaitik egiten zuen lan bakarrik asteburuetan, ordutegia aldatzeko, zabaltzeko aukerarik ez ote zuen; jende berria ikusten nuela ohiko ordutegietan. Badira urte batzuk solasaldi hartatik eta berriki ikusi dut azkenekoz, zapatu goiz batez ogia erostera nindoala.
Gerra osteko bere Galiza kutuneko depresiotik ihesean trenean eta maleta eskutan Euskal Herrira prosperitatearen bila etorri zen ehundakoetako bat izan zen Nekane. Bere hitzak dira: “Nekane dut izena, abenduaren 28an jaioa, ezin beste modu batean izan”.
Pasa den mendean estatu espainolean eman zen migrazioaren irudia dira maleta eta trena; baita topikoak ere. Nekaneren etxean horrelakorik sekulan ez zelako entzun. Modu gaitzezgarrian erabili izan diren topikoak. Maleta ala kapazua, trenez ala autobusez, Nekane alaba nagusiarekin etorri zen Euskal Herrira. Bi alaben ama ezkonbagea, behin lana topatuta, alaba txikia ekarri zuen eta senide batzuen etxe partekatuan hirurak egokitu ziren.
Maderas de Llodion topatu zuen lana. Ez zen kexatzeko emakumea baina trantze latza izango zen, estigma hirukoitzari aurre egin behar izatea: emakumea, migrante eta bi alaben ama ezkongabea. Errealismo magiko batererik gabeko Galiza erdi feudal hartan, depresio ekonomikoari nola, hala ihes egin nahi izan zion lotsari ere Nekanek XX. mendeak erdia baino gehiago eginda zuenean.
Galizan, familia ugariaz gain, bere ondare bakarra zen behia utzita zuela esan ohi zuen. Seme-alabek inoiz ezagutu ez zuten aberea. Akaso lotsa arindu eta herrimina elikatzeko trikimailua besterik ez zen izan behiarena.
Nekane esker onez hitz egiten zuen beti harrera egin zion herriarekiko. Seme-alabek inoiz ez zuten entzun bertokoekiko gaitzespenik. Eta sarritan bertokoen aldetik onespen eta eskertze jarrerak entzuten zituzten. Bere etxean inoiz ez ziren entzun “maketo”, “koreano” eta “matxurriano” bezalako hitzak. Familia integratzeko ahaleginak eta bi egin zituen Nekanek. Eta pentsa noraino integratu ziren, alaba txikiak ETAri laguntzeagatik espetxeratua izan zela. Eta Nekane, oraindik galiziera azenturik gabeko espainolez hitz egiteko gai ez zen emakumea, penaz hil zen, alaba besarkatu ezinean.
Irakurketa klubeko saioa izan dugu gaur. Heroinaren garaietan, 80. hamarkadan kokatutako eleberria da Zaldi mamarroa, gaurko proposamena. Liburutegiko mahaiaren bueltan batuta, klub-kideek ekin diogu gure iritziak botatzeari, txandaka nork berea azaltzen. Taldea nahiko homogenea da adinaren aldetik, 60 urte izango da bataz besteko adina eta generoan nahiko parekide. Nire txanda heltzeko irrikitan nago, nerbioso. Liburua izugarri gustatu zaidala esateko. Estilo aldetik txukuna dela, errekurtsoetan aberatsa. Trebezia berezia erakutsi duela Ekaitz Goienetxea idazle nobelak istorioa josteko.
Baina era berean ohartu nahi diet nire iritzia ez zela objetiboa. Kontakizuna barruraino heldu zaidala bota dut artega, normalean giro nahiko ezezagun batean agertzen ez dudan ausardiarekin. Istorioan agertzen den ezein pertsonaia ni izan nintekeela. Hor agertzen den historia nirea ere badela. Gure herriko gazte askorena den bezala. Nik ere heroinaren atzaparrak jaso ditudala, lagunak galdu, heroinazaleekin partekatu dudala bizimodua. Liburutegitik 300 metro eskasera gazte bat hilda aurkitu zutela gaindosiak jota. Aurreko kideak hitza hartu du ondoren. Baina azken aipamen horrek neure golkorako gomuta sortari bide eman dio, solakidearen berbei kasu handirik egin barik.
Parkean hilda agertutako mutila ez zen herriko semea, baina bertan zegoen neskalaguna herrikoa zelako. “Bego La Punki”. Berarekiko enpatia izugarria sorrarazi dit parkeko gertakizun latz harekin gogoratzeak. Heroinaren “berunezko aroa” zen, itxura makaleko gazteak kale gorrian kontsumitzen, lurrean botata, zaborren artean, besoetatik ziringak dindilizka, drogatzeko bizitzen, zaldi apurra lortzeko lapurretan, zaldi apurra lortzeko zaldia saltzen, gorputzak saltzen. Jendearen errefuxa, familiaren errefuxa. Ez dakit estigma handiagorik egon daitekeen lur azalean yonkia, punkia eta emakumea izatea baino. Beste gazte askorena bezala, Begoreren patua idatzita zegoen. Atsekabea nagusitu zitzaidan garai haiekiko ustezko ezezagutza, gertakizun haiekiko distantzia mantentzeko komentario axolagabeak ni baino hamar urte zaharragoa besterik ez zen taldekidearen ahotik entzutean.
Emakume borrokalaria da Zorione, bere zentzurik zabalenean. Bizitzaren gorabeherei aurre egiten bizitza osoa daramalako eta jendartea eraldatzeko mugimenduetan bizitza osoa eman duelako. Bizitza txarto portatu delako berarekin.
Miresgarria da 80 urterekin oraindik orain agertzen duen bizitzeko grina. Baserritar familia bateko alaba nagusia izanik, hamar urteko ume mokoa zela , etxetik irteetea suertatu zitzaioan kriadu moduan lan egitera, herriko zenbait baserritan lehenik, Bilboko aberatsen etxeetan ostean.
Mutil lagunarekin ezkontzea askatasuna eskuratze modukoa izango zuela ulertu nahi dut nik. Baserriko bizimoduan jarraitzea erabaki zuten, Zorione azienden eta alaben kargu eta senarra eskualdeburuko fabriketako batean, diru iturriak osatze aldera. Neba kartzelaratu zutenean, eurek izan ziren sostegua, frankismoaren azken urtetako urruneko espetxeetara maitasuna eramaten joan behar baziren ere.
Garapen industrial neurrigabeak sorturiko izurrite nagusiak, asbestosiak, eraman zuen senarra, goizegi baina urte batzuetako sufrikarioaren ostean. Zorione alargun, aziendak eta alabak. Txarto portatu da bizitza Zorionerekin.
Alaba txikia nerabezarotik eskizofreniaren korapilo estuetatik askatu ezinda. Aita joan aurreko urtean guardia zibilak alaba nagusia atxilotu eta torturatua. Minbiziarekin enkontrua atzera ere… Egun haietako berria izan zen, puntako euskal mendizale bat Himalaian hil zela istripuz, nahiko modu tragikoan. Berria bolo-bolo zebilen, aho guztietatik kendu ezinean. Albistegiek heroitzat hartzen zuten mendizalea. Zorionek, gupidarik gabe, bota zidan: Heroia? Heroia neu naiz, pasa ditudanak pasa eta gero. Eta arrazoirik ez zitzaion falta, inor gutxik aitortu arren.
(1. Zerrenda amaigabea izanik, lehenengo honek segida emateko balio dezalako esperantzaz)