IRITZIA

Oskar Benitori erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2026ko ekainaren 12a

Laudioko Skuatera igo ziren gazteen argazkia.

Pena handiz irakurri nuen duela aste batzuk hedabide honetan argitaratutako iritzi artikulua “Oskar Benito” (OB) sinadura zeramana. Pena bikoitza gainera, errespetatu dudan persona baten ahotik halako herra ateratzen ikusteagatik eta Aiaraldea Gaur bezalako hedabide serio batek errespetu falta izugarri adierazten duen eta gezur piloa den testu zakarra argitaratzeagatik.

Munduarekin haserre egon daiteke OB eta bere zaborra mundu guztiarekin kontra zabaltzea ulergarria litzateke baina bere okadek norantza berbera dute: artikuluaren izenburuak kontrakoa iradoki arren, bere gezurren helburua alkatea eta Ezker Abertzalea besterik ez da. Gainera, ez da lehenengo aldia OBk berdin jokatzen duela, herriko beste afera delikatu batean, beti oka egiten zuen norabide berean, oraingo modu zakar edo txarragotan, sarritan bere oinetakoak zikindu arren. Ematen du, hainbat alderdi politiko, talde, eta lobby-en antzera, OB Ezker Abertzalearekin obsesionatuta dagoela.

Oraingo honetan baina, gezur horiek publikoki zabaltzean bereziki interpelatuta sentitu naiz, autogestio-okupazio mugimenduaren eta Ezker Abertzalearen kidea izan naizen neurrian. Idazki honen bidez aldiz, nire asmoa ez da artikuluari erantzutea, izan ere, egileak berak bere formekin desakreditatzen baitu bere burua (baita ustez defendatzen duen kausa ere) baina bai agerian utzi nahi dut halako gezur piloa ezin dela musutruk zabaldu, herriko mugimendu autogestionatuaren historia bera manipulatzen ari delako. Gainera, testua laguntzen duen argazkiak bereziki interpelatu nau, bertan ni ere izan nintzelako.

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dut oso kritikoa naizela gure herrian urte askotan zehar eraman den politika kulturalarekin, kultura ulertzeko laudioarrek orokorrean dugun ikusmoldearekin bezainbeste. Baina, kultura maila eskaseko herria, kulturalki herri kutrea (horrela jotzen dut nik) izatea ez da udal gobernuan egon diren alderdien errua bakarrik, laudioar guztiona ere izan delakoan nago. Baina hori beste eztabaida bat da.

Ezker abertzalea mugimendu soziopolitikoa dugu, alderdi klasikoaz harago. Bere oinarri sozialak herri mugimenduan du habitat eta instituzioetan egiten duen lana horren segida da. Bere jarduna ez da perfektua, hamaika aldiz sartu du hanka, zenbatu ezinezko errore. Mundua eraldatzeko amets utopikoa lupetz artean egitearen ajeak. Ezker abertzaleaz hitz egiten dut, egun inongo egitura politikoan egon ez arren, nire burua bertan kokatzen jarraitzen baitut; eta hau pertenentzia sentimendu bat besterik ez da, ez naiz horregatik ez hobeagoa, ez txarragoa.

Autogestioaz ari garela, Ezker Abertzalea eta PNV parekatzea maltzurra da oso. OB kitarra jotzen ibiliko zen, PNVren gobernu batek Ertzaintzaren bortizkeria erabilita herriko proiektu autogestinatu sendotu biak zapuztu zituenean: Gaztetxea eta Laudioko Skuata. Hainbat gazte jipoitu eta kriminalizatuak izan ziren, delinkuenteak bailiran. 

Besteak beste, OBk jotzen zuen taldea, kanta baten hitzen harira. Udalburu berberak bidali zuen Brigada Mugikorra Laudioko Skuata reokupatu zuten gazteak desalojatzera, bertako teilatutik bortxaz jeitsiarazi, atxilotu eta salatu zituenak. Teilatu horretan ez zegoen OB eta kontzertu baten ajeak jota ibiliko zen alkate tematiak aurreko gobernuburua (HBkoa) eta Skuateko asanbladako kide bat salatu zituenean, estafa leporatuta, eraikinak beharrezkoa zuen eta bestela egingo ez zen obra gauzatzeagatik. Obra horiei esker, OBk, gogoratu ez arren, kitarra jo ahal izan zuen segurtasunez, ganorazko argindar instalazio bati esker.

OB auzoan oraindik kaniketan ibiliko zen, Laudioko skuata okupatu zenean, tartean Jarraiko militanteak ziren hainbat bertan ginela. Proiektu honen 10 urte pasako bizitzan Ezker Abertzaleko kideak parte izan gara hasieratik amaiera arte, ez OBk eta bera bezalako tematiek esango luketen moduan bozak irabazteko edota gazteria manipulatzeko, baizik eta gure eremu militante eta kulturala zelako, bestelako ideologia zuten kideekin elkarlanean. Elkarlan eremu horietan, kasualitatez, ez dut OB gogoratzen. 

Berak kontrakoa pentsatu arren, ez zen kasualitatea izan, guardia zibila lokal batean sartzea, ETArekin lotura zuten kide batzuen bila. Ez zen kasualitatea izan Ertzaintzak eraikina desalojatzea eta zigilatzea, Gudari Egunean gertatutako istilu batzuen aitzakiaz, ezta horren ondoko prentsaurrekoan, hutsik zeuden ardo botila kutxa, koktel molotov bezala aurkeztea. Ez zen kasualitatea izan , gertaera haiek eta Laudioko gaztediaren krimilizazioa salatzeko manifestazioa Txitxarra Kolektiboarekin batera, Amnistiaren aldeko Batzordeek deitzea. 

Ez zen kasualitatea izan reokupazio ekintza haren epaiketa aparteko neurrien artean egitea, kideetako bat preso politikoa zelako. Ez, ez zen kasualitatea izan, Arzalluzek Pinturasekoak alkohol eta drogen seme-alabak ginela esatea. 

Jende askorekin batera, proiektu zoragarri haren parte izan nintzen heinean, ezin dut onartu gure historia manipulatzea. OB-k defendatzen duen eredu kulturala ez da alegiazkoa, gezurrezkoa da. Eta ez da kasualitatea.

JOXE BLANCO GOMEZ. OKUPAZIO MUGIMENDUKO KIDE IZANDAKOA ETA EZKER ABERTZALEKOA.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide