"Zomorro" mikroskopiko batek hankaz gora jarri du munduan nagusi den sistema neoliberala, eta berriro jartzen gaitu krisi sanitario, ekonomiko eta sozial baten aurrean, planetan bizi diren gehienak dardarka jarri dituen krisia. Wuhanetik Milanera, Berlin, Londres, Paris, Laudio, Gasteiz, Madril, Buenos Aires, New York eta San Franciscotik igaroz, bere taupada mingotsak nabaritzen dira, ez bakarrik COVID-19ak eragiten dituen heriotza eta gaixoengatik, baita langabeziaren hazkundeagatik eta pobreziaren neurrigabeko handitzeagatik. Betikoek sufrituko dute, zalantzarik gabe. Prest egon behar dugu, berriz ere, kalea okupatzeko, aldarrikatzeko eta gure etorkizunaren alde borrokatzeko.
Apirilean langabezia % 15,5 igo zen Laudion eta % 16,3 Amurrion, urtarrilean baino lau puntu gehiago. Zoritxarrez, hori izango da joera. Hazkunde-garaian, Aiaraldeko kontratazioen %33 lanaldi partzialekoak izan ziren, eta kontratu mugagabeak ez ziren %4 izatera iritsi. Eta 825 pertsonak baino gehiagok Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dute.
Hamarkadaz hamarkada, Aiaraldean zalantzazko eta etorkizunik gabeko garaiak bizitzea egokitu zaigu. Joan den mendeko 80ko hamarkadan industria-birmoldaketaren hasierarekin izan zen, Aceros de Llodiori zuzenean eragin ziona, eta ondoren itxi zirenei ere. 90eko hamarkadan krisi berri bat iritsi zen, aurrekoa oraindik konpondu gabe zegoenean. Iritsi ziren aldi baterako lana, soldata-eskala bikoitzak eta industria-jardueraren galera Aiaraldera. Esan ziguten hobe zela aldi baterako lana izatea, ez izatea baino, hazkundea egonkortu bezain laster enplegua berriro finkatuko genuela hitz emanda. Gezurra.
Geroago enpresa teknologikoen ('puntocom') krisia iritsi zen mende aldaketarekin. Beraz, Aiaraldeko susperraldia ez da inoiz indartsu abiatu. Eta 2008an beste krisi ekonomiko handi bat iritsi zen. Asko ez dira bertatik atera oraindik eta dagoeneko hemen dugu osasun, ekonomia eta gizarte krisi berri hau. Aiaraldeko arazo nagusia da (birmoldaketa jasan zuten Euskal Herriko beste zonalde batzuetan bezala) gobernuek, aldundiek eta udalek ezer gutxi egin dutela edo ez dutela ezer egin aurreko hamarkadetan aberastasun asko sortu zuen zonalde hau behingoz berpizteko.