Koronabirusak, COVID-19 delakoak, Txina aldean bere estreinako agerraldia egin zuen unetik igar zitekeen izena ezin aproposago zuela jarrita. Pandemia egoera ezarri, munduko biztanleok beldurraren pean bizitzera kondenatu eta bera, Koronabirusa, errege. Duela zenbait egunetatik, egunkari zein albistegietako orri eta ordu gehienak (guztiak ez esatearren) ditxosozko birusaren zerbitzura makurtu dira. Besterik ez ala?
6 aste inguru igaro dira Joaquin eta Alberto Zaldibarko Verter Recycling 2002 enpresan gertaturiko luiziaren ondorioz lurpean geratu zirenetik eta, oraindik ere, bertan jarraitzen dute. "Ardura" eta "erantzuleak" bezalako hitzekin betetzen zitzaigun ahoa. Hori, ordea, aspaldiko kontua da, ezta?
Zerrendara beste bi biktima gehitu ditugu pasa den martxoaren 11n Abanto-Zierbenan hil zituzten ama-alabekin. Espainiako Gobernuak genero indarkeriatzat hartuko omen du Mirenen hilketa (ustezko hiltzailearen bikotea), Paolarena ez ordea (alaba zuena). Urterokoa, zergatik kezkatu?
Koronabirusaren aferari merezi duen garrantzia eman eta modu arduratsuan aurre egin behar diogu, noski; baina, arren, ez ditzagun Joaquín, Alberto, Paola, eta Miren ahatz.