IRITZIA

Made in Laudio

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua Gonzalez 2025eko irailaren 22a

'Made in Laudio' bideo lehiaketako lanak bezala, Odoloste Egunean pairatutako erasoak laudioarrek egin zituzten. / Aiaraldea.eus

Ez da atzokoa arloteak edonon daudela –oxala goizeko zortzietako alboradetan baino ez baleude– eta gure inguruan badirela buruhandiak* –ez, ez naiz neure buruaz hitz egiten ari, nahiz eta onartzen dudan diametroa batezbestekotik gorakoa dela–, txoriburuak –esaterako, Amurrioko Iguarrakoa– eta, nola ez, bururik ez dutenak –esaterako, Amurrioko Iguarrakoa–.

Sanrokeetako azken egunean, kandela ziztrin bat lortzeko umeekin zein atso-agureekin borrokatu ostean eta behin kalejira bukatuta, txakurra erretzera kondenatzen dugun bezalaxe –Roketxuren Askatasunerako Plataformako kideei besarkada bana–, Odoloste egunean, sutara bidali zituzten txosnaguneko eszenatokira igo ziren pankartadunak. Zertara igo ziren? Salatzera. Zer salatzera? Txosnagunean jazotako eraso bat. Ikusitakoak ikusita eta entzundakoak entzunda, ematen du, tamalez, Harkaitz Paredes Paretas baino desfasatuago eta galduago dabilenik badela gurean, eta ez diot soilik erasotzailearengatik.

Kontu jakina da, txosnagunea jendez gainezka egoten denean eta ordu txikiek aurrera egin ahala, usaina ez dela gozoena izaten: izerdia –ohi baino gehiago–, alkohola –ohi baino gehiago– eta gonbitoren bat edo beste –ohi baino gehiago–. Ados. Baina larunbat horretan, karpari kiratsa zerion, Eau de Marqués- ek edota Gaztetxe Gucci-k ere disimulatuko ez zuketena. 

Odoloste eguna zela eta, ondorioz, beste herri batzuetako gazte asko etorri zirela, herrikoek ez zietela oholtzatik jaisteko eta musika berriz jartzeko agindu, herrikoek ez zutela txisturik eta mehatxurik egin, herrikoek ez zituztela iraindu… herrikoek ez omen zutela zerikusirik izan, alegia.

Aitzakia merkeak –Latiorroko bidesaria baino merkeagoak bai behintzat–.

Anai-arrebok, laudioarrak izanagatik ere, ez gara Terentzioren eta Mari Jaiaren zita bezain perfektuak. Onar eta hausnar dezagun –dezatela– hori ere laudioarrek egina izan zela, laudioarrek laudioarrei egina eta, noski, Laudion egina.

*Galtzagorri KT, @txinatarra.ofiziala Instagram kontua, zer?

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide