INMA ROIZ ULIBARRI (Okondo, 1971) Okondoarra, kazetari, antropologoa, baratzezaina da. Eta, orain, idazlea. Hiru urte luze eman ditu ikerketa eta dokumentatze lanarekin batera “Manuela” eleberria idazten. Apirilean aurkeztu du bere lehendabiziko nobela eta Aiara eta Enkarterrietatik XVIII mendean gure bailaratik Mexikora joan ziren horien historian barneratuko gaitu. Mexikoko matxinada egin zuten euskaldunen familietan murgilduko
gara Ttartalorekin kaleratu berri duen liburuan. “Manuela”.
Eleberrian Aiara, Enkarterriak eta Mexiko aipatzen dira. Manuela Euskal Herrian dago eta bere neba Mexikon, nolakoak dira bi mundu hauek?
Oso mundu desberdinak dira baina era berean familia, herri berekoak izatearen sentimenduak eta Ameriketara emigratu zutenak lotzen ditu biak.
Mexikon elkartu ziren guztiak, konkretuki San Miguel el Grande bairalan, gaur, San Miguel de Allende izena duena. Han izan zen, Domingo Narciso de Allende, Manuelaren neba. Guztiz ezberdinak diren munduak aurkezten dira, Amerikak, aukerak, eguzkia, beroa eta koloreak zituen bitartean, Aiara eta Gordexolako mundua, hotza, umela, lan handikoa baina baita oso berde eta polita zen.
Emakumea da protagonista gizonen munduan. Nolakoa zen bizitza XVIII. mendean gure bailaran?
Oso bizitza gogorra zen, gehienbat emakumearentzat, eta are gehiago Manuela moduko andre batentzat. Familiak, komunitateak eta baita gizarteak ere ezarritako status zorrotz eta murriztaile batetik atera nahi zuen emakumea zen Manuela. Lan, eta erantzukizun handiko bizitza zela uste dut, ingurukoentzat eta baita beraientzat ere familia bera zama handia zekarren.
Dokumentatzekorakoan, Mexikora ere joan zinen. Zer erakutsi zizun bidaiak?
Mexiko oso bizipen interesgarria izan zen, benetan. Hangoek, Allende, Abasolo edo Aldama aipatzean ezagunak zituztela ikusteak poztu ninduen. Euskal Herritik joandakoak zirela bazekiten baita, Mexikoko matxinada egin zutenen aitak zirela ere jakitun ziren. Harrera ona egiten duen herria da Mexiko, interesa dute gertatukoaz eta oso herri dibertigarria ere bada. Esaterako, Domingo Narciso de Allendek egin zuen etxea, gaur, San Miguel de Allende Museoa dela ere irakatsi zidaten bidaian.
Kazetari, antropologo eta baratzezain zara. Orain idazle ere bazara, nola bizi duzu?
Arraroa da niretzat, horrenbeste denbora eleberria egiten ahalegintzen eta idazten eman eta gero, azkenean ia sinistu ere egiten duzula eta orain, zaila egiten zait nire burua liburu denda edota komunikabideetan ikustea, oraindik harritu xamar nago baina pozik.
Allende, Abasolo edota Aldama sendien historia kontatzen da eleberrian, guztiak hemengoak, berezia izango da?
Oso berezia da. Niretzat benetan horrela izan da, antzina gure herria nolakoa zen eta gure arbasoak non hilobiratu zituzten (elizetan, baserrietan…) jakitea eta irudikatzea benetan berezia izan da. Nire ustez, gure bailarako herritarrentzat zein ingurua ezagutzen duen ororentzat oso txundituko duen liburua izango da Manuela.