Ganekogortan gaua igaro eta egunsentia tontorretik bizitzeko aukera aste honetan bertan. Okondogoiena kultur elkarteak antolatuta eta Okondoko Udalaren laguntzarekin, gaur mendira igo eta bihar arte han egoteko plana egin dute. Irteera honetan parte hartzeko, 12 urtetik gorakoek 3 euro ordaindu beharko dituzte eta Landetan egon beharko dute arratsaldeko 17:00etan.
Ekainaren 29an hasi eta 30era bitartean, naturaz gozatzeko aukera eskaintzen dute Okondogoiena kultur elkartekoek. Akanpada egingo dute baina horretarako propio mugatutako gune bat izango da eta jakina, adingabeek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Udalaren ibilgailu batek igoko du antolakuntzarako materiala eta parte hartzaileen dendak, motxilak eta abarrak. Ibilgailu hau La Ventilla tabernatik irtengo da 16:30ean. Prestatutako egitarauaren barruan, 21:00etan egingo den txitxiburduntzia edota goizean elur-zuloetararako eta Pagasartuondo leizerako bisitaldia ere badira. Euria eginez gero, hurrengo asteburura arte atzeratuko lukete antolatzaileek.