San Isidro Orozkon
Orozkon maiatzaren 12an, larunbatean ekingo diote San Isidro jai egitarauari, gauean txosna jarriko dute eta 23:00etan Juantxo “El Charro” eta mariatxiekin berotuko da giroa.
Igandean, hilak 13, goizeko 11:30etan trikiti doinuekin esnatu eta 12:00etako meza egongo da, ondoren, Orozkoko Agate Deuna abesbatzaren kontzertua eta herriko dantzariak izango dira. Bukatzeko, asteartean hilak 15, trikitixa, goizeko 11:30etatik, meza 12:00etan San Isidroren omenez eta azken txanpara heltzean, zozketa egongo da.
San Isidro jaiak Aiaran
Aiaran, San Isidro festak ospatzeaz bat, Aiarako Lehen Sektorearen astea ere antolatu dute. Maiatzaren 14an, astelehenean Kexaako Bolatokian ekingo diote jaiari, eguerdiko 12:00etan. Asteartean, egun handian, San Isidroko ohiko azoka jarriko dute, artisau produktuen erakusketa eta salmenta egoteaz gainera, abereek ere beraien lekua izango dute, jakina, abelgorri, ahuntz, asto eta zaldiak ikusteko aukera egongo baita. Txikientzat puzgarriak, ohe elastikoak eta taloa egiteko tailerra goizeko 11:00etan hasiko dira eta 12:00etan Meza Santua. 12:30etan herri-kirolen txanda izango da. Hala ere, egun osoan zehar, Gazta lehiaketa, Karlos Ibarrondoren eskutik basa-xerri errea dastatzeko aukera eta nekazaritza-makinaria erakusketa ere izango dira.
Maiatzaren 16an, UAGA-LUR “Arabako nekazaritzako elikagai produktuen salmenta zuzenerako kanalak” proiektuaren aurkezpena egiteko aprobetxatuko dute. Horretaz gainera, “Abeltzaintzaren irabaziak eta baldintzak” hitzaldia ere emango da AFAren eskutik, Aiarako udaleko erabilera anitzeko aretoan. Toki horretan bertan, baina arratsaldeko 18:30etan “Eredu parte-hartzailea landa garapenerako ekimenetan” hitzaldia emango da.
Jai egitarauarekin bukatzeko maiatzaren 17an, ostegunean, Aiarako udaleko erabilera anitzeko aretoan “Abeltzaintza eta nekazaritzako elikagaien sektorerako aukera berriak aurkeztuko dira eta arratsaldeko 20:00etan “Aiarako lehen sektorearen astea” itxiko da Arabako ardo ekologikoaren dastatzearekin.