Larunbatean izango da hitzordua Okondoko Monseñor Setien urbanizazioko lorategietan. 17an, Okondon Zuhaitzaren Eguna ospatuko da goizeko hamaiketan hasita.
Aurten, udaberriari ongietorria emateko Zuhaitz Eguna ospatuko da eta Okondoko lorategietan bertako fruta-arbolak landatuko dira. 2010. urteaz geroztik, Euskal Herriko Hazien Sareak Aiaraldea eta Nerbioi Garaian fruta-arbolak kontserbatu eta berreskuratzeko proiektua bultzatzen ari da, horregatik, asteon Okondoren txanda izango da.
Okondoko Udalak mota ezberdinetako fruta-arbolak sustatu nahi ditu, horretaz gainera, etorkizunean ere ikastaroak antolatzeko bidea zabalduko da, esate baterako, inausketa, txertaketa edota frutagintza ekologikoa.
Gonbitea etxeko guztientzat zabaltzen du Okondoko Udalak, hitzordua, larunbat honetan, hilak 17 Monseñor Setien lorategietan izango da. Sagarrondo, madariondo edota gereziondoak landatuko dira asteburuan eta lana bukatutakoan parte hartzaileentzat hamaiketakoa egongo da.