Eraldaketa handiko garaiak bizi ditugu, eta Aiarako EH Bildurentzat geldirik geratzea ez da aukera bat. Aurrera ez egiteak atzera egitea ekar dezake. Gu, bide horretan aritu gara orain arte, jarraian azalduko ditugun ataletan. Hiru urte baino gehiago igaro dira EH Bilduk banda zabala gure eskualdean zabaltzen ari zen moduaren gaineko kezka azaldu zuenetik, zerbitzu guztiak herritar guztiengana hel daitezen. Oso geldiro ari bada ere, orain arte ailegatu ez den tokietara hasi da hedatzen.
Joan den maiatzean energia-komunitateak eratzeko aukerak aurkeztu genituen. Komunitate txikiak dira. Abantaila da Europak diru-laguntza gehiago ematen dizkiela mota horretako komunitateei partikularrei baino, eta komunitatea dela behar duen energiaren zati bat sortzen duena. Gure mendietan eukaliptoen inguruko erregulazioa eskatu dugu. Espezie horrek lurrak pobretzen ditu, lehortzen ditu eta suteak izateko arriskua areagotzen du. Mendi-zerraren atalean, mendiei buruzko Foru Araua, naturgune horien erabilera arautzen duena, behingoz betetzeko eskatzen dugu.
Era berean, lehenbailehen larreen ordenantza izapidetu dadila eskatu dugu, Aiarako abeltzaintzako ustiategien kalteberatasun-egoerari amaiera emateko. Murgako poligonoari dagokionez, industria-gune hori biziberritzeko, duela bi urte hitzartutako ikerketa eginda dago eta espero dugu hurrengo urteetan erreferentzia izatea.
Asko dira garai honetan ditugun erronka berriak eta guk, orain arte bezala, ideiak, proposamenak eta irtenbideak emango ditugu.