Gaur egungo testuinguruan, atzeraldi ekonomikoa dela eta, jende askok errealitate oso gordinak bizi ditu. Gainera, zerbait orokorra denez, informazio bera kalean dago, komunikabideetan... batzuetan ezkortasunezko putzuan sartuta gaudela dirudi.
Egoera zaila honetara modu osasuntsuan moldatzea atzeratu ezin dugun erronka da. Baina nola? Lehenengo gauza da argi uztea ez gaudela erabat kanpokoaren menpe: bi pertsonek ez dute berdin erantzuten egoera berdinaren aurrean. Beraz badugu zeresana geure bizipen emozionalean. Aldous Huxley-k zioen bezala, esperientzia ez da gertatzen zaiguna, baizik eta gertatzen zaigunarekin egiten duguna.
Geure gizartean arreta batik bat kanpoan jartzen dugu. Uneoro ari gara kanpokoaz arduratzen: lana, familia, etxea, lagunak, egin, erosi... Baina gero, gure bizitza baloratzeko orduan, barne sentsazioa da kontutan hartzen duguna. Nolabait, kanpokoa zaintzen dugu barruan eragina izango duelakoan. Hobe genuke barrukoari ere arreta pixkat jarriko bagenio, hori aldatzea gure eskuetan baitago.
Horretarako entrenamendua behar da; lurra prestatzea ezinbestekoa da haziak erein aurretik. Sentsibilitatea geroz eta garatuagoa dugu kanpoko fenomenoak aztertzeko, baina, kontua da, barrukoa ikusi eta ezagutzeko lanabesak zorroztu gabe ditugula (ixiltasuna, barneikusketa, meditazioa...). Barne sentsibilitatea ezinbestekoa da krisi egoeretan, bizi dudan errealitatearekin kontaktatu eta barruan gertatzen denaz ohartzeko. Hau ez da kanpo errealitatetik independente, baina ezberdina izan daiteke.
Istorioak dio aitonak ilobari kontatu ziola guztiok barruan bi otso ditugula: bata beldurra, zalantza eta mesfidantzaren otsoa; bestea konfiantza, lasaitasuna eta baikortasunarena.
Ilobak, ikaratuta, galdetu zion: "Eta zeinek irabaziko du, aitona?"
"Ba zeuk elikatzen duzuna, maitea".