Erantzukizuna euri azpian

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Gilsanz 2014ko ots. 13a, 17:39

Aurreko udazkenean, Nepalen trekking bat egiten ari ginela, egundoko ekaitzak harrapatu gintuen. Aurki ohartu ginen babesa bilatu ezean guztiz blai amaituko genuela, beraz, etxetxo bat ikusi eta aterpe bila sartu ginen. “Excuse me. Posible?”. Barruan 7 urteko neskato bat. Harrituta, gertatzen zena ikustera irten zen. Gu hiru ginen, motxilatzar, jaka, euritako eta guzti. Irribarre batekin erantzun eta aulki bat atera zigun. Gero bere aterkia hartu eta kanpoko iturrian harrikoa egiten hasi zen, airotasunez. Etxetik orduan negar batzuk entzun ziren eta neskatoa arrapaladan sartu zen. Bi urteko neba lasaitu eta atean eseri zuen, harrikoa amaitzen zuen bitartean. Tarteka irribarrea botatzen zigun etxetik aho bete hortz begiratzen genuen lau begi pareoi. Amaitu ostean etxera sartu eta sehaskatik beste ahizpa txikiagoa hartu zuen. Kanpoan euria barra-barra ari zela, hiru neba-arrebekin egon ginen, keinuz komunikatuz eta argazkiak egiten. Ateri zuenean bideari ekin genion pentsakor: Zelako graziaz zuzendu duen egoera! Hori da hori gaitasuna! Zer egingo luke gure kulturako haur batek? 

Haurren eskubideak babestea ezinbestekoa da, baina norbanakoen garapena sustatzeko, bete beharrak ezin ahaztu. Gure gizartean, orokorrean, gainbabestu egiten ditugu eta horrela egoera askori ez diote aurre egin behar izaten. Kontua da, erantzukizuna, hots, erantzuteko gaitasuna, egoera ezberdinei erantzunez garatzen dela. Ez al gara ari, orduan, zerbait ahazten?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide