Bila eta bila etengabe, noiz aurkituko ote benetan asetuko gaituen hori. Hamaiketakoa amaitu eta gero kafea, edo zigarrotxoa, edo biak batera, ze demontre. Desioaren bulkada, zoriontasunaren zilegizko bilaketa.
Udaberrirako fraka berriak, azkenengo telefono supersonikoa, gaurkoan afal ostean izozkia, edo txupitoa, edo biak batera, ze demontre.
Desioak martxan jartzen gaitu, aktibatu. Oraingo egoerarekin pozik ez, edo erdizka, eta orduan falta zaigunarekin gogoratu eta horixe nahi dugu. Hobetu, garatu, aldatu... atzera goazelako aurrera ez bagoaz.
Zilegi da donuts bat ikusi eta erdian zerbait falta zaiola ikustea. Argia dago. Halaber, argi dago donutsa (don-hutsa) zuloaz aparte badela zerbait. Izan ere, zuloagatik da, bestela bonba izango litzateke.
Kontua da gizakiok nolabaiteko joku mentala dugula: hutsunea onartu beharrean berori beteko duen zerbait bilatzea alegia, etorkizun hobe batekin amezten lagunduko digun zerbait.
Merkatuak ondo baino hobeto daki hori, eta mila modu ditu geure burura sartu eta hutsunea beteko luketen hamaika gailu- liburu-arropa-opor zirriborratzeko. Eta guk, badaezpada, harien atzetik goaz.
Eta horrela ibiltzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe, eta munduari ere atseden eman gabe. Gizakion handinahia mugagabea dirudi. Munduaren errekurtsoak, aldiz, mugatuak. Nola joan aurrera?