Arratoi bat urez betetako arrainontzi batean sartzen baduzu honek denbora batez igeri egingo du irteera bila. Ahal duen moduan horma denak miatuko ditu eta paretetan eskalatzen saiatuko da. Bere izaeraren arabera denbora tarte luzeago edo laburragoa emango du borrokan, azkenean, etsiturik, bilatzeari utzi arte. Momentu horretatik aurrera bere ahaleginak ez hondoratzen zentratuko dira, beste ezer bilatu gabe.
Arratoi hau bera arrainontzitik atera, elikatu, atseden hartzen utzi eta berriro arrainontzi berean sartzen badugu, ez du irteerarik bilatuko; hasieratik flotatzera mugatuko da.
Iskina batean arrapala bat jarrita ere, oso gutxi izango dira topatu eta irteteko gai. Zergatik? Aurreko esperientzian ikasitakoagatik.
Horri ikasitako babesgabetasuna edo ikasitako etsipena deitzen zaio (learned helplessness) eta ugaztun guztietan funtzionatzen duen mekanismoa da.
Gizakiok, gainera, beste gizakien esperientziaz ikasten dugu. Hots, gure kideen etsipena ikustea nahiko da guk ere etsipena garatzeko. Europako agintariek hau oso ondo dakite eta horregatik bazekiten zer garrantzitsua zen greziarrek inolako irteera arrapalarik ez aurkitzea.
Orain arreta Sirian jarri dute, Katalunian… baina gogoratu, oraindik arrainontzian gaude.