Iragan astean Aresketa Ikastolako XVI. Jardunaldi irekiak izan ziren. Aukera paregabea etxetik gertu toki eta testuinguru ezberdinetako adituak entzuteko.
Aurtengo ildoa maitasuna zen, hezkuntzan funtsezkoa baita. Eskolan ematen diren edukiak maitatu beharra dago, ilusioz biziak izan behar dira helduon aldetik. Inork adierazten badu “horrek ez du ezertarako balio”, akabo. Azken finean, ezagutzak ezagutzeko balio du, eta prozesu hori ilusioz bizitzen badugu teorema, historia, aro, edo eta hizkuntza bat ulertzeak zoriontsuago egin gaitzake.
Beste puntu garrantzitsu bat entzulea maitatzea da. Nik ez baditut nire ikasleria edo nire komunitateko haur eta gazteak maitatzen, ez banaiz haien potentziala ikusteko gai, nekez izango naiz hezkuntza erreferente positibo bat.
Kontutan hartu denok garela hezkuntza eragileak, denok izan ahal gara eredu. Hau ez da bakarrik guraso eta irakasleen kontua.
Gaur egun, belaunaldi berriek ilusio eza eta atsekabea adierazten dute. Euren arbasoen bizi egoerak hobetuko ez dituztenaren sinesmenak hedapen handia du, beharbada historia modernoan sekula izan duen hedapenik handiena. Motibazio eza eta autonomia urratua nabariak dira. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Azkenik, hezkuntza indartzeko maitatu beharreko azken kontua sakonagoa da: nork bere burua.